Arrantzaleen sasoia

Guaixe 2013ko maiatzaren 2a

Egun gutxi izan dira, baina eguraldiak lagundu izan duenean ibarreko arrantzaleak uhalde bazterretan eta uretan sartuta ikusteko aukera izan dugu. Atzo, bestalde, zabaldu zen Goi Eskualde Salmonikoan arrantza egiteko sasoia. Eremu horretan dago Arakil eta Irurtzungo dermioetatik pasatzen den Larraun ibaia. Eremu horretan arrantza baimenaz gain Arakil-Larraun arrorako Nafarroako Gobernuak banatuko dituen 526 baimenetako bat izan beharko da. Gainera, arrantzatutako arrainak ibaira bizirik bueltatu beharko dira. Han aritu nahi duten arrantzaleek baimen pertsonala eskuratu beharko dute. Horretarako 012 telefonora hots egin beharko dute. Sakanari dagokionez, Nafarroako Gobernuak zehaztu du Arabako mugatik Altzania ibaiarekin bat egiten duen punturaino Arakil ibaian ezin dela arrantzatu. Aldi berean, debekatuta dago Arakil uhaldearen ibaiadar guztietan arrantza egitea. Bestalde, Arakil eta Larraun ibaiak Irurtzunen batzen diren tokitik Asteraineraino karramarro kotoa da.