Giroa inoiz baino sakandarragoa

Guaixe 2013ko maiatzaren 3a

Euskalteleko lau sakandarrak ariko dira: Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza. Movistarreko zuzendari lanean Jose Luis Arrieta uhartearra ibiliko da24 ordu eskas geratzen dira 96. Italiako Giroa hasteko. Aurten inoiz baino sakandarragoa izango da Giroa, Euskaltel taldean dabiltzan 4 txirrindulari sakandarrak ariko baitira: Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza. Samuel Sanchez liderra laguntzea izango da haien lana.Orain arte Tourra izaten zen Samuel Sanchezen helburua, baina aurten asturiarrak Italiko Giroan jarri ditu begiak. Helburua etapa garaipenen bat lortzea da, eta, sailkapen orokorrean ahalik eta gorenean egotea. "Giroan aritzeko ilusio asko ditut. Giroan ezberdin korritzen dela diote, eta Contadorrek eta Puritok esan didate pedal kolpe ona aurkituz gero, izugarri disfrutatzen dela. 2005ean aritu nintzen eta ordutik ez, eta gogo handia dut. Zale italiarrek txirrindularitza nola bizi duten harrigarria da eta gustatuko litzaidake Giroan garaipenen bat lortzea. Nire motibazioa izugarria da" adierazi du Euskalteleko liderrak. Asturiarra laguntzeko Euskaltel-Euskadik talde sendoa prestatu du, Gorka Gerrikagoitiak zuzendutakoa. Lau sakandarrez gain, Migel Mingez, Ricardo Mestre, Ioannis Tamourides eta Robert Vrecer izango dira Sanchezen ezkutariak.Bestalde, Movistar Team taldeko zuzendari lanean Jose Luis Arrieta txirrindulari ohi uhartearra ariko da, Txente Garcia Acostarekin batera. Talde sendoa darama Movistarrek ere, Intxausti eta Cobo buru duena.Sakandarrak gogotsu daude Girorako. Asteazkenean hartu zuten Italiarako hegaldia eta Girora egokitzen dabiltza. 9 Tourretan eta 7 Vueltatan aritu eta gero, Egoi Martinezek Giroan debutatuko du. Gainontzeko hirurak badakite Giroan aritzea zer den. Sakandarrek badakite egun gogorrak datozela, Giroa ez baita xumea, inola ere. Alpeak, Dolomitak eta beste, mitikoak dira Italiako etapak. Maiatzaren 4an hasiko da Giroa eta 26an bukatuko da. Esprinteko etapak goi mendiko etapa ikusgarri eta ederrekin txandakatuko dira. Bereziki azken egunak dira klabeak, maiatzaren 19ko eta 20ko etapak, goi mendiko etapa ikusgarriak. 19koa Mortirolo, Favia eta Stelvio mitikoak igota Val Martello gainean despeditzen da, eta 20koa Giau, San Pellegrino eta Costalunga pasata Lavaredo izugarrian bukatzen da.Hortaz, oso garesti dago Frantzisko I aita santuak bedeinkatu duen maglia arrosa.  Wiggins (Sky) da faborito nagusia, Nibali (Astana), Cadel Evans, Samuel Sanchez, Ivan Basso eta besterekin batera. Mark Cavendish esprint nagusietan gailendu nahiko da. Lehendabiziko etapak sprinterrendako aproposak dira eta hor ere adi egon behar da, etapa azkarretan erorikoen arriskua presente baitago. Ikuskizuna hastera doa eta zorterik onena opa diegu sakandarrei. Asteburuko probakKadete mailako lasterketa dago igandean Burlatan, 11:00etan (64 km). Igandean ere BTT proba dago Murtxanten 9:00etan, 132 desafioa, Bardeetan barna (132 km). 23 urtez azpiko afizionatuek larunbatean lasterketa dute Soraluzen, 9:45ean (118 km). Igandean eliteak eta 23 urtez azpikoak Azpeitian ariko dira, 9:30ean, XLIII. Urraki Igoeran. Bestetik, maiatzaren 8tik 11ra Bidasoako Itzulia jokatuko da.