Auzo-konposta, hilabeteko esperientzia

Guaixe 2013ko maiatzaren 3a

Hilabete luze daramate Etxarri Aranazko Mikel Arregiko bizilagunek auzo-konposta egiten egurrezko etxola batean eta lehenengo emaitzak begi bistan daude. Kaxetaren lehenengo gelaxka bete dute eta materia organikoa konposta bihurtzen den bitartean, etxarriarrak hasi dira sortzen duten materia organikoa bigarren gelaxka batera botatzen. Bere familiaren pertza husten duen aldi berean, Jose Mari Goenak haien ohitura berria azaldu digu: "Etxean hiru gaude eta guztiok parte hartzen dugu. Alde batetik, plastikoak gordetzen ditugu. Bestetik papera eta kartoia. Eta materia organikoa pertz marroian etxola honetara eramaten dugu. Ez dago arazorik! Betidanik egiten dugu eta. Gainera, etxearen ondoan dagoenez nahi dugunean etortzen gara. Normalean, bi egunetik behin edo". Haiek bezala, Etxarri Aranazko Mikel Arregi plazako auzo-konpostatzeko etxolan 60 familia inguruk beste bizitza bat ematen diote etxean sortzen duten materia organikoari. Besteak beste, Cesar Bergeraren familia. "Ez da batere zaila jakitea zer bota behar dugun. Naturala dena, alegia, janariaren hondakinak, etxolara. Guk zabor asko sortzen dugu etxean lau garelako. Orduan, nik aprobetxatzen dut pertza jaisten dudanean zakurra ateratzeko" esan digu Bergerak. Sakanako Mankomunitateko informatzaileek etxolaren funtzionamenduaren jarraipena egunero egiten dute. Itziar Zudairek aitortu du ongi dabilela: "Primeran doa. Eguerditan etortzen gara pixka bat iraultzeko; ikusteko nola dagoen eta ikusten da jendea ongi egiten ari dela. Alegia, bero dago, lurrun pixka bat ateratzen da... orduan, konposta egiten hasi da!"Bergerak funtzionamendua azaldu digu: "etxolara hondakin organikoen pertz bat eramaten baduzu, estrukturante pertz batekin estali behar duzu, eta listo. Ongarri izugarria!" Mank-etik gomendatu dute estrukturante gehiegi ez botatzeko. "Hasieran normala da ez dakigulako ongi egiten ari garen edo ez. Batez ere konpostaje ikastaroetan estrukturantearen garrantzia azpimarratu diegulako. Gakoa da materia organikoa, estrukturanteko kopuru adina botatzea. Helburua estaltzea da, agerian ez izatea", azaldu du Mank-eko informatzaileak.Zalantzak eta beldurrakDenbora aurrera joan ahala, Etxarri Aranazko Mikel Arregiko bizilagunak hasierako beldurrak alde batera uzten ari dira. "Lehen baratzean egiten genuena bezalakoa da. Orain bizilagunen artean egiten ari gara. Gainera ongi aireztatuta badago ez du usainik sortzen", esan du Bergerak. Mank-en badakite usain txarrak izateak sakandarrak beldurtzen dituela. "Pozik daude. Jarraipena egitera etortzen garenean jendea gerturatzen zaigu, ongi egiten ari den galdetzera. Usainarena, funtzionamendua ikasteko lau gauza behar direnez eta bizilagunak ongi egiten ari direnez, ez dago usain txarrik. Martxa ona du", aitortu du Zudairek. Mank-eko informatzaileak, bestalde, etxean usain txarrik ez sortzeko hondakin organikoen pertza zabalik izatea aholkatu du: "Azkenean pertza toki estankoa denez, ixten dugunean fermentazio prozesua hasten dira materia organikoan. Hobe dugu, beraz, etxean estali gabe edukitzea".Jose Mari Goenak aitortu du haien etxearen parean dutenez, maiz hurbiltzen direla eta ez dute usain txarrik izan. "Nahi dugunean etorri ahal gara. Edozein ordutan etxolara eramaten dugu", azaldu du Mikel Arregiko bizilagunak. Etxarriarrak aitortu du hasieran zalantza asko izan arren, orain denboraren poderioz alde onak besterik ez dituztela ikusten: "Hasieran zalantzak sortzen zaizkizu. Nola egingo ote den, ea etxean leku nahikorik izango den edo ez... baina orain behin ikusita ez dugu aldaketa handirik nabaritu".Auzo-konpostatze eremuakHerriaren eskaeraren arabera, Mank-ek hainbat auzo-konpostatze eremu jarriko ditu. Hala, 20 famili arte, konpostagailuak lur eremu publiko eta itxi batean ezarriko dira estrukturante kaxekin batera. 20tik 60 familia arte apuntatzen badira egurrezko etxola txikia muntatuko da. Etxarriko Aldapasoro auzoan horren eredua ikus liteke. 60 familiak baino gehiagok izena ematen duen kasuan, Mikel Arregi plazakoa bezalako etxola jarriko da. Mank dimentsionamendua egiten ari da eta interesatuta dagoenak entitateari deitu behar dio.Pentsaera aldaketaKontsultatutako guztiek azpimarratzen dute auzo-konpostak "txipa aldatzeko aukera ona" eskaintzen duela. "Etorkizunari begira guk ongi egiten badugu, gure seme-alabek emaitza ikusiko dute. Azken finean auzo-konposta, betidanik baratzean egin duguna, orain bizilagunen artean egiten dugu. Etxola etxetik hurbil dugu eta nik uste dut gure hondakinak hobeto kudeatu ahal baditugu, hobe guztiondako. Jendea mentalizatu behar da", gehitu du Bergerak. Berarekin bat dator bere bizilaguna Goena: "Hilabete bat besterik ez daramagu eta jendea parte hartzen ari da. Guk uste dugu hain erraz dela non ingurumenaren alde laguntzeko aukera on bat baita". Garbitaniako teknikariaren hitzetan bizilagunok geuk zikloa itxi ahal dugu. "Erabiltzaileei beraien hondakinen gaineko ardura ematen zaie. Beraiek konpostatzen dute organikoa ondoren lurrera berriz bueltatzeko, zikloa zuzenean itxiz. Oso prozesu pedagogikoa da eta hondakinen arloko sentsibilizazioa lantzen da modu honetan. Hau gutxi balitz, kalitatezko ongarria lortzen da. Gainera, gure baratzean konposta erabiliaz ongarri kimikoak erabiltzeko beharra murrizten dugu", esan du Irati Portuk.Hurrengo asterako ikastaroakMankomunitateak jarraitzen du konpostajeari buruzko ikastaroak herriz herriz eskaintzen. Hurrengoak hauxek dira:Gaur (maiatzak 3): 10:00etan Arbizuko udaletxean eta Etxarriko kultur etxean                               19:00etan Arbizuko udaletxean eta Etxarriko kultur etxeanMaiatzak 10:     11:00etan eta 19:00etan Urdiaingo udaletxeanBosgarren edukiontziazSakanan barna auzo-konposta guneak ezartzeko Mank-en 900 eskaera inguru dituzte dagoeneko. Bai 5. edukiontzian baita auzo-konpost etxolan edozein ordutan eraman daiteke materia organikoa. Irati Portu Garbitania Zero Zaborko Ingurumen teknikaria da eta Mank-ek duen sistema berria ezartzeko bideragarritasun plana barrutik ezagutzen du. Hark esan duenez, "auzo-konposta askoz eraginkorragoa da: "Materiala lekuan bertan kudeatzen da. Konpostatuz bilketa eta tratamendu kostuetan aurrezten da, bai ekonomikoki eta baita ikuspuntu ekologiko batetik ere. Materia hori ez da bildu eta tratamendu planta industrial batera eraman behar". Portuk ziurtatu duenez: "auzo-konpostatzean normalean konposta bera askoz kalitate hobeagokoa izaten da, lehengaia puruagoa izaten baita. Materiala ez dago poltsa konpostagarrietan sartuta eta orokorrean ez du apenas inpropiorik izaten". Teknikariak azaldu duenez, "5. edukiontziko materiala poltsetan sartuta egon ohi da (batzuetan konpostagarriak, batzuetan ez) eta inpropio maila handiagoa izaten da". Gaineratu duenez, " konpostatuta materiala bera zuzenean tratatzen da, ez da edukiontzian edo transferentzia gunean biltegiratzen. Beraz, egoera ezin hobean iristen da tratamendu prozesura".Mank-etik 5. edukiontziaren inpropioen arazoa azpimarratu dute. "Auzo-konpostatzea 5. edukiontzia baino askoz hobea da. 5. edukiontzia edukiontzi bat gehiago da eta zuk poltsa uzten duzu baina ez duzu kudeatzen, ez duzu ezer egiten. Horregatik, inpropio asko agertzen dira", komentatu du Itziar Zudairek. Konpostatzeari esker tratamenduan dirua aurrezten denez, Mank-ek %15eko hobaria eginen dio aukera horren alde egin duten guztiei. "Momentuz soilik Mank-en zabor tasan aplikatuko da. Dakigunez, gure zabor erreziboan Mank-eko tasa eta Nafarroako Hondakin Patzuergoko tasa gehitzen da. Azken horretan Nafarroako Gobernuak ez du hobaririk egiten".AlderaketaGipuzkoan lortzen ari diren emaitzen arabera, atez ateko hondakinen bilketarekin 80 kilo/biztanle/urteko inguruko kopuruak jasotzen dira. Bilketa poligono eta zentro komertzialetara zabaltzen den kasuetan kopuru hau nabarmen igotzen da. Usurbilen 132,41 kilo/biztanleko jaso zituzten joan zen urtean. 5. edukiontziarekin egindako kanpainen arabera datuak asko aldatzen badira ere, ohikoena 10-20kilo/biztanle bitartean jasotzea izan da. Gipuzkoan parte hartze handiena duen kasua Zarauzkoa da eta, hala ere, ez da iristen sortutako organikoaren erdia jasotzera. 2012.urtean 45,42kg/biztanle jaso ziren.