Arrietaren Movistar bigarrena Giroko taldekako erlojupekoan

Guaixe 2013ko maiatzaren 6a

Atzo Italiako Giroko bigarren etapa jokatu zen, taldekako erlojupekoa. Sky taldeak faborito nagusia dela demostratu zuen, etapa garaipen ederra lortuz. Txirrindulan ibili baino, hegan zebiltzala zirudien Wiggins eta Puccioren taldeak. Baina Jose Luis Arrieta uhartearrak zuzentzen duen Movistar taldeak etapa oso ona egin zuen, Cobo, Lastra, Ventoso eta Intxaustiren taldea 9 segundo eskasera sartuz. Euskaltel-Euskadi, atzera ere, ez zen batere fin ibili taldekakoan. 22.ak sailkatu ziren, minutu bat eta segundo bat galduz. Zoritxarrez Riardok zulaketa izan du eta horrek taldea atzeratu du.  Sailkapen orokorrean Sky taldeko Salvatore Puccio da lider berria, bere taldekideak denbora berean daudelarik. Jorge Azanza 116.a da, Egoi Martinez 117.a, Gorka Verdugo 118.a eta Pablo Urtasun 207.a.Gaur hirugarren etapa dago jokoan, 212 km-koa, itsasotik gertu pasako dena baina mendirako tartea ere izango duena. Pablo Urtasunen erorikoaTalde laranjak ez du Giroko hasiera oso ona izan. Lehendabiziko etapa, etapa azkarra izan zen, mugimendu handikoa. Euskaltelekoek oso ondo babestu zuten Samuel Sanchez liderra, baina, tamalez, Pablo Urtasunek erorikoa izan zuen, kolpe handia hartuz. Ezker ukondoan eta aldakan mina hartu zuen urdiaindarrak, baina zorionez ez zuen ezer hautsi. Dena den, oinazeekin eta minduta ibili beharko da hurrengo etapetan. "Animurik gabe nago. Giroa prestatzeko ahalegin handia egin dut, entrenamendu gogorrekin. Sasoian iritsi naiz eta lehen etapan lurrera: egindako lan guztia bertan behera! Pena handia da Giroa horren ongi prestatu izana eta zorte txar hau izatea. Badakit aste honetan oso minduta egongo naizela" adierazi zuen urdiaindarrak erorikoaren ondoren.