Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo etapa polita jokatu zen Italiako Giroan. Hirugarren etapa zen, amaiera gorabeheratsua zuena, baina nekez pentsa zitekeen triskantza eragingo zuenik. Hesjedal (Garmin) eta Nibaliren Astana elkarri erasoka hasi ziren, eta txiki-txiki eginda geratu zen tropela Sella di Catona mendatean. Nahaspila horretan, helmugara iristeko 7 km eskas falta zirenean, erasoa jo zuen Katushako Luca Paolinik, Giroko etapa eta lidergoa lortuz. 16 segundora sartu zen faboritoen taldea, bertan Evans, Hesjedal, Samuel Sanchez, Wiggins, Intxausti, Gesink eta beste zeudela. Scarponik erosikoa izan zuen eta minutu bat galdu zuen. Sakandarrei dagokienez, Jorge Azanza 26.a izan zen, 50 segundora. Sentsazio onak izan zituela aipatu zuen altsasuarrak, eta kontentu zegoen Samu aurrean egon zelako. Egoi 59.a izan zen, 1:52era, eta Gorka Verdugo 62.a, 1:52ra. Aipatzekoa da Pablo Urtasunen sufrimendua. Lehen etapan erorikoa izan zuenetik, izugarri sufritzen ari da urdiaindarra. Azken tropelean helmugaratu zen atzo, 19:31ra, eta azken postuan dago sailkapen nagusian, 27:55ra. Ikusiko dugu Giroan aurrera egiteko gai den Urtasun.Gaur laugarren etapa jokatuko da, etapa luzea, bukaera aldera 3. mailako Vibo Valentia eta 2. mailako Croce Ferrata dituena.