Altsasuko enplegu bulegoak langabeziak %3,92 egin du behera

Guaixe 2013ko maiatzaren 7a

Apirilean 69 sakandarrek lana opatu zuten Altsasuko enplegu bulegoaren bidez. Bigarren hilabetez langabeziak behera egin du bulego horretan. Iruñeko Zabalguneko bulegoan izena emanda dauden irurtzundar eta arakildarren datuen faltan, Altsasuko bulegoan 1.689 langabetu daude. Bestalde, Altsasuko enplegu bulegoan aurreko hilabetean 378 kontratu itxi ziren, horietatik 22 besterik ez ziren mugagabeak izan. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan apirilaren akaberan 54.444 pertsona zeuden erregistratuta. Hau da, % 3,62 murriztu da (2.042 lagun) martxoarekin alderatuz. Langabe nafarretatik 27.558 emakumeak dira (% 2,39 jaitsiera) eta 26.886 gizon (% 4,84 jaitsiera) da.Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari-gerente Mª Isabel Garcia Malok "nota positibotzat"jo ditu datuak: "alde batetik, joera aldatu izana, eta bestetik, erregistratutako kontratuak % 27,68 igo izana; horrek zenbait sektoretan jarduera igo dela adieraz diezaguke, esate baterako, eraikuntzan, nekazaritzan eta elikaduraren industrian, nahiz eta azken bi horien kasuan egoeraren araberako izaera izan dezaketen".