Lau sakandarrak aurrera Giroan

Guaixe 2013ko maiatzaren 8a

Atzo etapa luzea jokatu zen Giroan, printzipioz esprinterrendako aproposa. Baina aurtengo Giroak sorpresak ematen ditu egunez egun, eta atzokoan azken kilometroetako euri jasak zerikusia izan zuen horretan. Bukaerako esprintean Enrico Battaglin nagusitu zitzaien esprinter guztiei, Fabio Felline eta Giovanni Viscontiren aurretik. Talde nagusian sartu ziren Nibali, Hesjedal, Samuel Sanchez eta Intxausti tarteko. Hala ere, faborito batzuk neurriak hartu zituzten euriak sortu ahal zituen arriskuez babesteko, eta hori izan zen Bradley Wigginsen kasua, eroriko bat tarteko, moztuta geratu baitzen. Britainiarrak 17 segundo galdu zituen. Sakandarrei dagokionez, Jorge Azanza 33.a izan zen, irabazlearen talde berean; Egoi Martinez 82.a, 6:14ra; Gorka Verdugo 104.a, 10:25era; eta Pablo Urtasun 201.a, 25:44ra. Erorikoaren ondorioz minduta dago urdiaindarra, eta etapa bukatzea kalbario ederra da berarendako. Sailkapen orokorrean Paolinik jarraitzen du lider, Rigoberto Urani 17 segundo eta Beñat Intxaustiri 26 segundo aterata. Jorge Azanza 30.a da, 1:52ra, Egoi Martinez 64.a, 9:08ra, Gorka Verdugo 79.a, 13:19ra, eta Pablo Urtasun 206.a, 53:39ra. Gaur 5. etapa dago jokoan, Cosenza eta Materaren artean, 199 kilometrokoa eta esprinterrendako aproposa.