200 ikasle herri kiroletan murgiltzen

Guaixe 2013ko maiatzaren 8a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatuta, gaur jokatu da Ikastetxeen Arteko 9. Herri Kirol Topaketa. Olaztiko kiroldegian Sakanako ikastetxe guztietatik hurbildutako 197 ikasle bildu dira, guztiak 6. mailakoak. Haiei laguntzen eta ekitaldia antolatzen 18 irakasle aritu dira. Sakanako ikastetxe desberdinetako neska-mutilak nahastuz taldeak osatu dituzte, horrela herri eta ikastetxe ezberdinen arteko ikasleen arteko harremanak sustatuz, eta guztiek herri kirol proba konbinatuetan hartu dute parte, txingak, zaku lasterketa, koxkolak, giza-plaza eta sokatiran arituz. Bikain aritu dira. Sakana, Andra Mari eta Beriain, Nafarroako Sokatira TxapelketanLarunbatean Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da Iruñeko Takoneran, Sortzen-Ikasbatuazen festaren barruan, 11:30ean. Emakumezkoetan (260 kg) Sakana taldea ariko da lehian. Etxarrin jokatutako lehen jardunaldian bigarren talde onena izan zen Sakana, Berriozarren atzetik. Basaburua-Imotz eta Txantrea sailkatu ziren ondoren. Kadeteetan (290 kg) Sakanako Andra Mari taldea izan zen onena. Berriozar A, Berriozar B, Ultzama eta Andra Mari ikastolatik sortutako Beriainek osatu zuten sailkapena. Ea bigarren jardunaldiak zer ekartzen duen.