Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Internetek esparru zabalak ditu, guztiok ezagutzen ditugunak baino zabalagoak. Ia infinituan hedatzen da, inoiz ez da posible web osoaren ezagutza edukitzea. Ezker eskuin, aurrera eta atzera, goian eta, batez ere, behean, dimentsio ugariko lekua da. Ezaugarri hau da informazioa demokratizatzen duena eta, aldi berean, kezkagarri zaiona boterea duenari.Azken urteotan hainbat saiakera ikusi ditugu, mundu osoan zehar, esparru zabal hau mugatzen saiatzeko. Copyrighta izaten da, gehienetan, erabilitako aitzakia. Baina badira ere kritika politikoa egiteagatik ixten diren webguneak. Horretan, Espainiak, abantaila galanta du.Joan zen astean Ernairen webgunea itxi zuen Espainiako Entzutegi Nazionalak. Argudioa, Xabier Lopez Peñari buruzko kartel bat izatea. Argudioa, noski. Errealitatea bestelakoa da: Espainiak ezin du onartu Interneten esparru libreak egotea, eta ezker abertzalearen kontrako dinamikan guztiak balio du. Egun batzuk geroago Burlata Herria webgunea ixteko agindua eman zuten. Argudioa: preso politikoei preso politiko deitzea. Aurreko hausnarketa berdinak balio du, noski.Bitxiena da azken honen itxiera "Prentsa askatasunaren egunean" agindu zutela. Espainiak egun hau ospatu nahi zuen, bere modura, noski. Eta honetatik bi ondorio atera behar ditugu:Lehenengoa da sarearen mugak ondo finkatu nahi dituela espainiar estatuak. Argi utzi nahi du ez duela onartuko disidentziarik eta orrialdeak ixteko arrazoirik ez duela eman behar. Zentzu honetan, disidentziaren webguneak blindatu beharko ditugu, kanpoan, herrialde neutroetako zerbitzariak erabilita. Ahal bada segurtasun sistemak ematen dituzten enpresekin, eta erregistroak publikoki erakusten ez dutenekin. Sarearen muga itxi dezakete, baina gehiago kostatuko zaie hori egitea.Bigarrena da bi itxiera hauek oso merke atera zaizkiela. Ez da egon kazetarien nazioarteko talderik honen salaketa eginez. Ez da egon komunikabide sarerik diktadura salatzen. Ez da egon ez zalapartarik ez babes sarerik. Eta honi ere buelta eman beharko diogu, kalean "Herri Harresia" sortu dugun bezala, sarean ere "Sare Harresia" eraikitzen. Webguneekin errazagoa da migratzea, mugitzea, ekiditea. Eta horretarako lagunak behar dira, leku ezberdinetan.Galder Gonzalez Larrañaga