Urtasunek Giroa utzi behar izan du

Guaixe 2013ko maiatzaren 9a

Ezin izan du gehiago. Pablo Urtasun agur esan behar izan dio Giroari. Lehendabiziko etapan sekulako erorikoa izan zuen urdiaindarrak, eta ordutik guztiz minduta zegoen, ezinean. Aldaka, ukondoa eta belauna minduta zituen kolpearen ondorioz, eta 2. eta 3. etapak bukatzeko izugarri sufritu zuen. Asteazkeneko etapan ezin izan zuen gehiago eta bizikletatik jaistea erabaki zuen, jarraitzeak ez zuelako inolako zentzurik, urdiaindarrak ezin zuelako taldearen aldeko lanik egin, eta ezin zelako behar bezala osatu. Pena handiarekin"Munduko ilusio guztiarekin prestatu dudan lasterketa utzi behar izateak pena handia ematen nau. Lan handia egin dut sasoian iristeko, eta esfortzu eta sakrifizio horiek ez dute isla izango. Etsituta nago, animurik gabe. Irteera hartu dut ez nuelako proba utzi nahi, baina une bat iritsi da non ia ezin nuen pedalkadarik jo. Nigatik eta taldearengatik ematen ditu pena, Italiara helburu oso politekin etorri garelako eta nik ezingo dudalako lagundu. Baina beno, orain ea lehenbailehen osatzen naizen, oraindik denboraldi luzea geratzen da eta" adierazi zuen Urtasunek erretiratu eta gero. Izan ere Giroak sorpresa bat bestearen atzetik ekarri du egunero, nahiz eta oraindik lehendabiziko jardunaldietan egon. Erorikoak, euriak sortutako arazoak, ustekabeko erasoak... egunero dago zerbait. Atzoko etapan, erorikoak tarteko, Argos taldeko John Degenkolbek irabazi zuen etapa, esprint estuan Viciosori eta Martensi aurrea hartuta. Katushako Luca Paolini da liderra, Skyko Urani 17 segundo, Intxaustiri 26 segundo, Nibaliri 31 segundo eta Hesjedali eta Wigginsi 34 segundo aterata. Jorge Azanza 30.a da, 1:52ra; Egoi Martinez 64.a, 9:08ra; eta Gorka Verdugo 73.a, 13:19ra. Urtasuni gertatutakoa alde batera utzita, sentsazio onekin dabiltza sakandarra, nahiz eta taldekako erlojupekoan ere zorte txarra izan. Etorriko dira momentu hobeak talde laranjarendako, seguru. Giroak oraindik asko du esateko, eta zaleek asko dugu gozatzeko.