Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orain dela gutxi egin diren hauteskundeetan EHNE-Artzain gazta koalizioak kontseilu arautzaileko 12 aulkietatik 8 eskuratu ditu. Gainontzeko lau aulkiak gaztagintzan ari diren industriako ordezkariek beteko dituzte. Guztiek ere asteazkenean hartuko dute kargua. EHNE-Artzain gazta hautagaitzak hiru lan ardatz izanen ditu aurrerantzean garatzeko. Batetik, Idiazabal Jatorri Izendapenak ardi latxarekin eta karrantzanarekin lan egiten duten pertsonen bizi baldintzak hobetzeko tresna izatea. Horrekin batera, ardi latxa eta karrantzanarekin, gure lurrari eta naturaren erritmoari lotuta dauden arrazekin, guztiz osatutako produktua oinarri duen Jatorri Izendapena defendatu, ahalik eta ustiategi gehienen biziraupena bermatuz. Eta, azkenik, kontrolaren bitartez Idiazabal moduan saltzen den guztia Idiazabal dela bermatzea, "kontsumitzaileari zor zaion errespetuagatik eta gure gaztak duen balio erantsia modu orekatuan banatuz". SakandarrakIdiazabal Jatorri Izendapeneko Kontseilu Arautzaileko lehendakari karguan Jose Mari Ustarroz uhartearrak jarraituko du. Eta aldamenean, lehendakari orde postuan Olaetako artzain Felix Ajuria ariko da lanean. Kontseiluan ere Aitor Campion Ganboa arbazuarra (urtean 20.000 litro esne baino gehiago ekoizten duten nafarrak ordezkatuz) eta Jose Manuel Araña Iriarte arbizurra (haien ustiategiko esnearekin bakarrik gazta egiten duten ekoizleak ordezkatuz). Azken horren ordezkoa Iosu Ostiza Irigoien urdiaindarra da. Carlos Aramendia Bengoetxea altsasuarra berriz, urtean 10.000 eta 20.000 litro esne artean ekoizten dutenen ordezko hautagaia da.