Hezkuntza erreforma salatzeko deia

Guaixe 2013ko maiatzaren 9a

Espainiako Gobernuak sustatu duen LOMCE legearen kontra protesta egiteko deialdia dago egina gaurko. Nafarroako hezkuntza publikoko komunitatea, bai irakasle nola familiak, gainera hezkuntzan inbertsioa handitzeko eskaera ere plazaratuko dute. STEE, LAB, CCOO, CSIF, UGT eta ELA sindikatuek deitu dituzte mobilizazioak. Ikastetxe guztietan bi orduko lanuztea eginen dute, baita kontzentrazioak ere. Horretaz gain, 18:00etan Iruñean eta Tuteran manifestazioak eginen dira murrizketak salatu eta hezkuntza erreforma gelditzeko. Deialdiarekin bat egin dute PSNk eta EH Bilduk. Sakanari dagokionez, bi orduko lanuzteak arratsaldean eginen dira ikastetxeetan. Horrekin batera kontzentrazioak ere izanen dira. Arbizu eta Urdiain bitarteko eskoletako ordezkariak 15:30ean Etxarriko errotondan kontzentratuko dira. Altsasun ere kontzentrazioa izanen da. Irurtzundik Iruñeko manifestaziora joateko deia egin da. Bestalde, murrizketen kontra astearte goizero kontzentrazioa egiten dute Atakondoan, eta aste honetan zaratatsua izan da.