3.000 familiatik gora konposta aukeratu dute

Guaixe 2013ko maiatzaren 9a

Informazio kanpaina oraindik bukatu ez bada ere, Mank-ek esku artean dituen datuen arabera ibarreko 3.200 bat familia dira konpostaren alde egin dutenak. 2000 inguru auzo-konposta eginen dute haien hondakin organikoekin eta beste 900 familiak, berriz, euren etxeetan eginen dute konposta. Horiei aurretik konposta egiten zeuden 300 familiak batu behar zaizkie. Hasiera batean aurreikusten zituzten 2.000 familien kopurua gainditu egin da, beraz. Mank-en kopurua handitu daitekeela uste dute, informazio kanpaina herri guztietan ez delako bukatu eta Altsasun, esaterako ez delako hasi. Hala ere, Altsasuko Alde Zaharreko bizilagun talde batek auzo-konposta egiteko etxola bat hilerri inguruan jartzea eskatu du. Hori eta beste 41 etxola erosi ditu Mank-en ibarrean barna jartzeko. Auzo-konpost etxola horiek 40 familiek erabiltzeko modua ematen dute. Eskatzen duten familien kopurua 20 bitartekoa denean plastikozko 800 litrotako konpostagailuak jarriko ditu Mank-ek, banaka, binaka edo eskaerari erantzuteko behar den kopurua. Sakanan barna jartzeko tamaina horretako 800 ontzi erosi ditu. Sakanako Mankomunitateak hondakinak biltzeko sistema berria garagarzaro erdialdean jarri nahi luke martxan. Igoarkinek diseinatutako etxolak eginen duen enpresa aukeratu eta lanak ematea falta da. Zintzilikarioak, berriz, Garciandia egiten ari da.