Plan estrategikoa egiteko asmoz, asteartean bildu zen aurrenekoz Sakanako Sozio-ekonomia BehatokiaDendari elkarte, enpresari elkarte, toki-administrazio, ikastetxeetako ordezkariak, alderdi eta sindikatuetakoak, gizarte zerbitzuetako, ekonomia sozialeko enpresetako kideak eta beste hainbaten ordezkariak bildu ziren asteartean. Guztiak ere ados zeuden ibarra dagoen egoeratik ateratzeko apustua egin behar zela. Haiek eratu zuten Sakanako Sozio-ekonomia Behatokia (SSB). Deialdia Sakanako Garapen Agentziak, Cederna-Garalurrek eta Sakantzen Sareak egin zuten, elkarrekin. Batzartutako guztiei abiapuntu bat jarri zieten deitzaileek: gaur egungo egoeratik abiatuta enplegua sortzea jasangarritasun sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan oinarrituta. Bileran landu daitezkeen hainbat arlo estrategiko aipatu ziren, baina denak ezin hartu eta indarrak lautan jartzea erabaki zuten: turismoa, lehen sektorea, industria-zerbitzuak eta Energia (biomasa, energia eraginkortasuna eta, horri lotuta, eraikuntza). Gainera, lan ildo horietan guztietan zeharka hezkuntza eta komertzioa landuko dira. Horretarako konpromisoa hartu zuten bildutakoek. Astearteko bilkuraren ondoren, lan ildo estrategiko bakoitza landuko duten lantalde bana sortzea erabaki zen. Arlo bakoitzean aritua edo aritua den jendea erakartzeko lana jarri zioten euren buruari bileran izan zirenak. Asmoa da lan talde bakoitza ekarpenak egiteko borondatea duten 10-15 sakandarrek osatzea. Bi astetan lan taldeak osatuta egotea nahi lukete. Parte-hartzaileaBehin lantaldeak osatuta arlo edo sektore bakoitzaren diagnosia egin beharko dute. Sakontasuna eskatuko zaie, errealitatearen ahalik eta analisi zorrotzena egitea. Izan ere, horretan oinarrituta lantaldeek diagnosia egin beharko dute, noranzkoak eta bideak markatu beharko dituena. Horiek Behatokiari aurkeztuko zaizkio. Behatokiaren oniritzia jaso ondoren ekintza plana egiteari ekinen diote lau lantaldeek. Lan hori ere Behatokiari aurkeztu beharko diote. Une horretan Sakanara zabalduko da, herritarrek ekarpenak egiteko (parte hartze prozesua hasieratik zabaltzeko aukera aztertzen ari dira). Ondoren Behatokiko eragile guztien artean adostasunak lortzera joko da. Hobetsiko dutena izanen da Sakanarako plan estrategikoa. Behatokiko kideek sei hilabeteko langintza dute aurrean. Onduko duten plan estrategikoko ekintza eta proiektu zehatzei epeak jarri eta haiek zehaztuko dute aurrera zeinek eramanen dituzten. Administrazioari eta enpresei eraginen dien plangintza izanen da; publikoa eta pribatua Sakanaren aldeko elkarlanean jartzeko plangintza da sortuko dutena. 10 urterako plangintza izanen da. Behin lan hori eginda, egoerak aldatzen direnez, Behatokia plana gainbegiratu eta errebisatzeko elkartuko da, horregatik, egiturari eutsiko dio, deitzaileek guztia prozesu bat bezala ikusten baitute.� Deialdiaren arrazoiak �Hausnarketa eta elkarlan baten beharra dago Sakanan bere etorkizunari forma ematen hasteko�. Horregatik egin zuten astearteko deialdia Sakanako Garapen Agentziak, Cederna-Garalurrek eta Sakantzen Sareak. Hiru eragileen estrategien bateratzearen bidez egin zen. Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak gogora ekarri zuen ibarrerako plan estrategiko baten eskaera aspaldikoa dela eta enpresarien elkarteak eta krisi mahaiak ere eskaera bera egin zutela. Manterolaren esanetan �Behatokia Sakana ordezkatuko duen foro zabal bat izan nahi du�. Behatokiak plan estrategikoaren bidez �denon artean Sakana eraikitzeko helburua izanen du. Horretarako, egitura produktiboa indartu eta herritar guztien ongizatea bultzatuko du�. Abiatuko den prozesuaren oinarri nagusiak hausnarketa eta elkarlana direla esan zuen Manterolak. Cederna-Garalurreko Susana Mendinuetak esan zuenez, haiek erabakia dute Nafarroa Mendialdeko agente sozio-ekonomikoen parte hartzea elkartearen funtzionamenduan integratu beharra. �Nafarroako Mendialdeko eskualdeek bere nortasuna dutela ikusita, norberaren berezitasunetara egokitzea dagokigu. Gure ustez Sakanan aukera hau Plan Estrategikoaren bidez etor daiteke�. Horregatik onartu du Cederna Garalurrek Sakanako Garapen Agentziaren eta Sakantzen Sarearen proposamena. Mendinuetak ziurtatu zuenez, �Plan Estrategikoak sortu dezakeen eskualdeko agente sozioekonomikoen elkarlan dinamika da guretako garrantzitsuena. Haren bidez posible izanen da gerorako beste dinamika batzuk sortzea eskualdean�. Handik garapenerako batzorde iraunkor bat sortzea egoki joko luke. Mendinuetak elkarlanerako apustua berretsi zuen. Sakantzen Sareko Joseba Garmendiak gogora ekarri zuen haien filosofia ibarrarekiko konpromisoa dela eta elkarlana dutela funtzionamendu modua. Horregatik, �eragile ezberdinak bilduko dituen hausnarketarako marko bat beharrezkotzat jotzen dugu. Sozio-ekonomia Behatokia oso tresna baliotsua izan daiteke�. Plan estrategikoaren beharra ere azpimarratu zuen Garmendiak. Hausnarketa prozesuak Sakanako indarguneak eta aukerak identifikatzeko baliagarria izanen dela nabarmendu zuen Sareko kideak: �horrek jende gehiago proiektuak martxan jarri eta enplegua sortzeko animatu dezake�. Sakantzen-en ibarreko garapena sustatzeko konpromisoa berretsi zuen, horregatik Behatokian eta plan estrategikoa bulkatzeko prozesuan sartu dira.