Margo erakusketak Etxarrin eta Altsasun

Guaixe 2013ko maiatzaren 10a

Ikasturtea bukatzearekin batera, tailerretan ikasitakoa erakusteko garaia iritsi da. Etxarri Aranatzen bihar eta etzi pintura tailerrean aritutako 16 margolariak euren koadroak erakutsiko dituzte. Kultur etxean izanen da, haien lanak sortzen ikusi dituen toki berean. Asteartetik hilaren 25era, bestalde, Koldo Arnanz altsasuarraren tailerrean aritutako ikasleen lanak ikusgai daude Iortia kultur gunean. 6 urteko txikienetatik hasi eta helduenak arte, guztiek euren lanak zintzilikatu dituzte kultur gunean. Txikienen akrilikoak, tenpera, argizailoak ikusteko aukera izanen da. Helduek ikatzak, grafitoak, pastelak, olioak, akrilikoak, akuarelak edota teknika mistoak erabiltzen dituzte haien margolanak sortzeko. Batzuk eta bestek denetariko gaiak lantzen dituzte. Egile sakandarrak dira gehienak, baina tartean bada Asparrenakoren bat ere. Eta erakusketa horri segida Itziar Nazabalen tailerreko ikasleek hartuko diote.