Inasarako inbertsiogilea dago, baina salmenta gelditu beharko litzateke

Guaixe 2013ko maiatzaren 9a

Duela 3 aste inbertsio talde "serio" bat Inasa erosteko eta hura berriro martxan jartzeko interesa azaldu zuen. Baina lantegia eskuratzeko traba handiena egungo jabea da, Bavaria Industrie Kapital (Baikap) da. 2012ko azaroaren 5ean borondatezko hartzekodunen lehiaketa aurkeztu zuen. Orduan adierazi zuen 16 langilek lan komertziala eginen zutela, beste lantegietan ekoiztutakoa Irurtzundik saltzea. Baikapek du enpresaren kontrola eta bere pausu guztiak konkurtso-administratzaileak ikuskatzen ditu.Bitartean, Baikapek Internet bidezko enkante batean Inasako makinariaren 580 bi lotetan saltzeko deialdia egin zuen. Ingalaterrako Bridgnorth Aluminium Limited 3,1 milioi euroko balioa duen lotea eskuratu du. Irango Razan Saafek, berriz, 1,3 milioi euroko balioa duen lotea. Aste honetan bertan Baikapek gelditzen den makinaria salgai jarri du 1,2 milioi eurotan. Guaixek jakin duenez, salmenta operazioak eteteko ahaleginak daude, denbora irabazi eta inbertsiogileak proposamena ondu dezan. Hura hartzekodunen premiak asetzeko modukoa izan beharko luke. Baina Baikapen aste honetako erabakiak gauzak okertzen dituela aitortu digute.