Ikuskizunak jarraitzen du Nibali nagusi den Giroan

Guaixe 2013ko maiatzaren 13a

Italiako Giroak ikuskizuna eta aldaketak ekartzen ditu egunetik egunera. Atzo etapa ikusgarria jokatu zen. Erdi mailako mendi etapa zen atzokoa, euriak eta hotzak izugarri zaildu zutena. Bukaera partean hiru portu igo behar ziren eta Bradley Wiggins moztuta geratu zen. Minutu pasako aldea izan zuen, Vallambrosa portua jaisterakoan izan zuen kontuarengatik. Baina arerioek ez zuten egoera aprobetxatu. Garmin, Astana eta BMC tiratzen hasi zirenerako Sky taldea martxan zegoen eta lortu zuen bere liderrak etapa salbatzea Wigginsek denbora galdu gabe. Etapa Katushako Maxim Belkovek irabazi zuen, eta tropel nagusia 1:03ra sartu zen, Nibali liderra eta Wiggins bertan zirela. Denbora galdu zuena Ryder Hesjedal izan zen. Makalaldia izan zuen eta Fiesoleko igoeran ezin izan zuen tropelaren martxa eutsi, minutu bat eta 6 segundo galduz. Hesjedal atzean geratu zenean, Euskaltelek Egoi Martinez etxarriarra kokatu zuen tiratzen, Samuel Sanchezek Hesjedali aldea ateratzeko, eta tropel nagusiaren denboran iristea lortu zuten. Jorge Azanza 66.a izan zen, 8:42ra, eta Gorka Verdugo 90.a, 12:35era. Sailkapen orokorrean Nibalik jarraitzen du lider, 29 segundora Cadel Evans, 1:15era Gesink eta 1:24ra Scarponi dituela. Egoi Martinez 39.a da, 11:19ra; Jorge Azanza 42.a, 16:04ra; eta Gorka Verdugo 83.a, 43:44ra. Gaur atseden jardunaldia dute, goi mailako mendiaren bezperan.