Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako eta Aguraingo ikastetxeek antolatuta eta Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuaren laguntzarekin, orientazio proba antolatu da gaur, maiatzaren 15ean, asteazkenean, goizeko 10:00etatik hasita. Arbizuko basoan burutuko da aipatu proba, Zubaat eta Sandindegi artean. Altsasuko Institutuko 52 ikaslek, Aguraingo 40k eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako 30ek hartuko dute parte. Aipatu jarduera DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta dago, baina Andra Mari ikastolaren kasuan 3. mailakoek hartuko dute parte. Antolakuntzatik nabarmendu dutenez, hurrengo ikasturteetan Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak eta Jesusen Bihotza ikastetxeak ere parte hartuko dutela aurreikusten da. HelburuakOrientazio probaren helburuak hainbat dira. Batetik, basoan segurtasunez ibiltzen ikastea eta mapa bat interpretatzen jakitea, baita iparrorratza erabiltzea ere. Bestetik, aisialdian naturak eskaintzen dituen aukerak ezagutzea eta praktikara eramatea, ikasleen arteko talde lana bulkatzea, Sakanako natur guneak ezagutzea, Sakanako ikastetxeen eta ikasleen arteko harremanak bulkatzea eta, azkenik, euskara bulkatzea.