Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo Giroko 11. etapa jokatu zen, 2. mailako 2 portu zituena. Helmugarako 70 kilometroren faltan eguneko ihesaldia sortu zen. 20 txirrindularik egin zuten aurrera, tartean Euskalteleko Egoi Martinez zela. Tropelari 3:35eko aldea atera zioten. Astana taldeak tropela mugiarazi zuen eta distantzia laburtzen joan zen. Horretaz gain, Sella Ciampigotto portua jaisterakoan, Argos taldeko Gretsch-ek aurreratzea lortu zuen, baina Oss eta Navardauskas txirrindulariek 15 kilometroren faltan harrapatu zuten. Etapa 2. Mailako Vajont portuko gainean despeditzen zen eta emozio handia bizi izan zen tarte horretan. Navardauskas lituaniarrak atzean utzi zuen Oss eta bera bakarrik heldu zen helmugara, Ossi 1:08ko aldea ateraz. 3:07ra sartu zen Egoi Martinez, 7. postuan, etapa bikaina egin eta gero. "Ihesaldian egon behar zen egun horietako bat zen hau, eta egon gara. Ihesaldian horrenbeste txirrindulari egonda, oso zaila da besteak ustekabean hartzea eta irabaztea. Navardauskasek igoera aurretik tartea ateratzen jakin du eta txirrindulari handi batek irabazi du" azaldu zuen Martinezek. "Egunero demostratzen ari gara gure taldea ongi dagoela, gogoekin eta borrokan. Bide honetatik jarraitu behar dugu eta Giro honetan asko dugu oraindik esateko" gaineratu zuen. Sailkapen orokorrean ez da aldaketarik egon eta Nibalik jarraitzen du lider, Evans 41 segundora eta Skyko Uran eta Wiggins 2:04ra eta 2:05era dituela. Movistarreko Beñat Intxaustik 9. Postura igotzea lortu zuen, 4:05era. Samuel Sanchez 18.a da, 7:46ra. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinezek sailkapenean gora egin du eta 28.a da, 18:12ra; Jorge Azanza 42.a da, 36:57ra; eta Gorka Verdugo 72.a, 1:01:51ra. Gaura 12. etapa jokatuko da, etapa laburra, 4. mailako bi portuekin. Asteburuko mendi etapa gogorren bezperan, esprinterrendako aproposa den etapa izango da. Urtasun osatzenGiroan izandako erorikoarengatik etxeko bidea hartu behar izan zuen Pablo Urtasun urdiaindarrak. Jakin izan dugunez, ongi osatzen ari da, dagoeneko arrabolarekin edo rodilloarekin ari baita lanean.