REEk goi tentsioko linea egitasmoak aurkeztu du

Guaixe 2013ko maiatzaren 16a

Gipuzkoako eta Nafarroako Gobernu Ordezkaritza egoitzetan aurkeztu zituen atzo REEk 400 kV-eko linearen Ingurumen Inpaktu ikerketa eta exekuzio proiektua. Deikaztelu eta Itsaso lotu nahi dituen argindar linea horren kontra 216 udalek eta kontzejuk ezezkoa eman dute. Aste honetan 172 alkatek berriro ere ezezko hori berretsi dute, argindar sektorearen 2014-2022 planifikazioa onartua egon arte goi tentsioko linea egitasmoa geldiarazteko eskatuz. Udal eta kontzejuak "egintza burutuen politikaren aurrean babes gabe" sentitzen direla azaldu dute. Izan ere, planifikazio berria onartzen denerako 400 kV-eko linearen egitasmoa onartua egon daiteke. REEk berak linea Iberdrola edo Acciona enpresen interesengatik egiten duela ere aitortu die hautetsiei. "Enpresen eskaerak herritarrek aukeratutako erakundeenak baino zilegitasun handiagoa dute?" galdetu dute alkateek.