Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako Udalak 2013rako aurrekontuak onartu ditu. Hartutako erabakien artean dago zineko lanak despeditzearena. Jakina denez, aipatu lanen ardura Espainiako Gobernuarena da, NaBaik 2007ko Espainiako aurrekontuan aurkeztutako emendakin bati onespena eman ziolako Gobernuak, baina obra bukatzear zegoenean lanak geldiarazi zituen joan den urteko garagarrilean Espainiako Gobernuak, diru faltagatik. Ordutik geldirik dago zineko obra, inguruneko urbanizazioa eta parkeko lanak. Besteak beste, zineak jubilatuen egoitza, San Saastin musika eskola, Elai Alai taldearen egoitza, kultur erabilerendako erabilera anitzeko gela eta beste hartuko ditu. Zineko lanak geldi daudela eta luze joko dutela ikusita, Lakuntzako Udalak erabaki du aurten urbanizatuko dituela zine (100.850 euro) eta eskolen eta parkearen ingurunea ere (108.183 euro). Lanak udan egin nahi dira, hurrengo ikasturtea hasi baino lehen, urbanizazio lanek eskolako patioaren tarte bat hartzen dutelako. Udalaren dirupboltsaren arabera, pixkanaka-pixkanaka zineko barruko lanak eginen lirateke. Baina zineko eta haren urbanizazio lanen kostua ez du bere gain hartuko Lakuntzako Udalak. Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioari errekerimendu bat bidali dio, zineko lanak lehenbailehen egiteko eskatuz. Hala egiten ez badu, betearazte subsidiarioa aplikatuko duela azaldu dio Gobernuari Udalak; hau da, laneko fakturak aipatu ministerioari pasako dizkiotela. Aurrekontu parte hartzaileakHerritarrei informazioa eta parte hartzea ahalbidetzeko asmoz, Lakuntzako Udalak aurrekontuen zirriborroaren aurkezpena egin zuen otsailean. Orduan behin behinean onartu, eta hilabeteko epea izan zuten lakuntzarrek alegazioak aurkezteko. Berriki onartu dituzte. 2013rako udal aurrekontua 1.080.727,31 eurokoa da. 785.811,57 euro gastu arruntei dagozkio eta 295.520,74 euro inbertsioetarako. Gobernuen erabakien ondorioakLakuntzako Udaletik salatu dutenez, krisiaren aurrean Europak, Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak hartzen ari diren erabakiak "zuzen-zuzen eragiten diete Udalei". "Gobernuen murrizketek, zerbitzuen pribatizazioak eta diru-laguntzen desagerpenen ondorioz Lakuntzako Udalak ondoko arlotan ondorio zuzenak izan ditu: zinearen obraren paralizazioa, musika eskolarendako diru-laguntzaren %40ko jaitsiera, baso-lanak egiteko diru-laguntzen desagerpena, Kattuka haur eskolaren obraren eta mobiliarioaren diru-laguntzaren desagerpena, jubilatu taldeei diru-laguntza jaitsiera, liburutegirako material berririk ez..." adierazi dute Udaletik. Horregatik, udalen egoera ekonomikoa "zaila" dela nabarmendu dute. Aurrekontuak egiteko irizpideakLakuntzako Udaletik adierazi digutenez, udal aurrekontuak egiterako orduan hainbat irizpide hartu dituzte kontuan. Batetik, oinarrizko eskubideen bermea, hau da, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetako diru partidak ez murriztea. Bestetik, nazio eraikuntzarako proiektuak bulkatzeko partidak txertatu dituzte (Udalbiltza, Euskal Memoria, Gaindegia...). Hirugarrenik, udal autonomia eta eskumenen defentsa, eta, azkenik, informazioa, gardentasuna eta parte hartzea bulkatzea. Lakuntzan 2013rako aurreikusitako inbertsioakIgerilekuetan hobekuntzak 10.000 euroTxorrokotako errekaren garbiketa 5.782,85 euroHilerrian hobekuntzak 10.000 euroKattuka haur eskolaren obra bukaera 35.000 euroParkea-Eskolaren urbanizazioa 108.183,31 euroZinemaren inguruko urbanizazioa 100.850 euroPantaila eta proiektorearen erosketa 2.000 euroGatza botatzeko makinaren erosketa 3.829 euroSetoak mozteko tresna 700 euroIbilgailuaren erosketa 8.000 euroKomunalean inbertsioa 10.57,58 euroZabortegiaren itxieraren proiektuaren egokitzapena 605 euroGuztira 295.520,74 euro.