Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nakba edo hondamendiaren eguna gogoratu eta itzultzeko eskubidea gogoratu zuten atzo palestinarrek. 1947ko azaroan Nazio Batuen Erakundeak Palestina historikoa zatitzea erabaki zuten. 1948ko apirilean milizia sionistek eta soldatu israeldarrek sarraskiak egin zituzten palestinarren lurretan eta Israelgo estatua aldarrikatu zuten. Euskal Herria Palestina sareak deituta Sakanako hainbat udal ordezkari asteartean Arbizun bildu ziren. Palestinari elkartasuna adieraztearekin batera Israelekiko boikot, desinbertsio eta zigorren (BDZ) kanpainarekin bat egiten dutela berretsi zuten udal horiek. Israelek palestinarren eskubideak urratzen dituen bitartean BDZ kanpainari eutsiko diotela ziurtatu zuten udal ordezkariek. Horrekin batera, udalaren esku dauden arlo guztietan Israeli boikot aktiboa egiteko konpromisoari eutsiko diote eta dei hori Sakanako gizarteari zabaldu zioten. ErrefuxiatuaEkitaldian Adel Abou Salem Libanon jaio eta bizi den errefuxiatu palestinarra izan zen. Palestinaren alde egindako giza eta politika elkartasuna eskertu eta haien garrantzia azpimarratu zuen. Israelekiko boikot kanpainaren arlo guztietan egitearen garrantzia azpimarratu zuen.Palestinarren eskubideak bermatu eta bizia errazteko Israeli presioa egiteko garrantzia azpimarratu zuen. Salemek 67ko mugetatik kanpo bizi diren errefuxiatuen egoerari erreparatu nahi zion. "Libanon ezin ditugu 72 lan egin eta ondorioz langabezia handia dago eta horrek errefuxiatu palestinarren %66 pobrezian bizitzea dakar. Ezin dugu etxerik izan ezta palestinarren erakunderik sortu". Bera bizi den errefuxiatu eremua 2 km karratukoa dela eta 72.000 pertsona bizi direla azaldu zuen. Sarea Euskal Herria Palestina sarea alderdi sindikatu eta eragile internazionalistek sortu zuten. Palestinarekin elkartasuna lantzearekin batera, palestinarrek eskatutako Israelekiko boikot, desinbertsio eta zigorren kanpainari atxikimendua emateko. Palestinarekiko elkartasun astea antolatu du sareak aste honetan, larunbatean Elizondon egun osoko egitarauarekin despedituko dena.