Giroa: eta orain, Alpeak

Guaixe 2013ko maiatzaren 17a

Italiako Giroak emozioa dakar egunero, baina asteburuan datorrena txirrindulazaleendako gozamena da: Alpeko etapak, mendi izugarri eta mitikoez jositakoak, Sestriere (2035 m), Bardonecchia (1908m), Mont Cenis (2095 m) eta Galibier ezaguna (2642m) tarteko. Txirrindulari indartsuenen egunak datoz, eraso etengabeen egunak, zaletasuna sortzen duten etapak. Gehienek Nibali liderra ikusten dute faborito nagusi, iazko garaile Hesjedalen porrotaren ostean, baina Evans, Uran eta konpainiak zeresana emango dute. Wigginsen arazoakAtzo esprinterrendako aproposa zen etapa jokatu zen. Aurreikuspenak bete ziren eta Mark Cavendish izan zen azkarrena, Giroan 3. garaipena lortuz. Ustekabea Bradley Wigginsek eman zuen. Sumatzen da Wigggins ez dagoela ondo. Trevisoko helmugara izoztuta eta etsita iritsi zen, 3 minututik gora galduz. Zerbait du britainiarrak. Egun tropeleko txirrindularirik baldarrena da aldapa behera, baina gaixotasun larriren bat, edo prestaketa falta, zerbait badu. "Ez nago oso ondo. Gaixotu egin naiz eta 24 ordu txar pasatu ditut. Bularraldean infekzioa daukat; hoztu egin naiz" esan zuen atzoko etapa hasi baino lehen. Eta egoera konfirmatu egin zen. Ikusiko dugu gaurko etapan irteera hartzen duen hala ez. Nibalik jarraitzen du lider sendo, Evans 41 segundora eta Skyko Uran 2:04ra dituela. Wiggins 13.a da, 5:22ra. Euskalteleko lider Samuel Sanchez 18.a da, 7:46ra. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez 28.a da, 18:12ra; Jorge Azanza 41.a da, 38:04ra; eta Gorka Verdugo 72.a, 1:03:50ra. Gaur Giroko etapa luzeena jokatuko da, Busseton hasi eta Cherascon despedituko dena (254 km). Etapa gehiena nahiko laua da baina bukaera oso gorabeheratsua. Egoiren ihesaldiaAsteazkeneko etapan Egoi Martinezek eguneko ihesaldian sartzea lortu zuen. Garmin taldeko Navardauskas lituaniarra izan zen garailea, Vajont portuan gora sekulako erakustaldia emanda, eta Egoi Martinez 7.a sartu zen, 3:07ra, sailkapen orokorrean 18. Postura igoz. "Ihesaldian egon behar zen egun horietako bat zen hau, eta egon gara. Horrenbeste txirrindulari egonda, oso zaila da besteak ustekabean hartzea eta irabaztea. Navardauskasek igoera aurretik tartea ateratzen jakin berak irabazi du" azaldu zuen Martinezek. "Egunero demostratzen ari gara gure taldea ongi dagoela, gogoekin eta borrokan. Bide honetatik jarraitu behar dugu eta Giro honetan asko dugu oraindik esateko" gaineratu zuen. Bestalde, Movistarreko zuzendari Jose Luis Arrieta uhartearra pozik dago taldea egiten ari den lanarekin. Alex Dowsetekin etapa bat irabazi dute eta Beñat Intxaustik maglia arrosa jantzia izan zuen etapa batean eta 9.a da. "Balantzea oso positiboa da. Lan ona egiten ari gara eta honek garaipen gehiagorengatik borrokatzera animatzen gaitu" adierazi du uhartearrak. Urtasun osatzenGiroan izandako erorikoarengatik etxeko bidea hartu behar izan zuen Pablo Urtasun urdiaindarrak. Jakin izan dugunez, ongi osatzen ari da, dagoeneko arrabolarekin edo rodilloarekin ari baita lanean.