Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Movistar taldeko Jose Luis Arrieta zuzendari uhartearrak aurreko astean adierazi zuen oso kontentu zegoela taldea Giroan egiten ari zen lanarekin, Dowseten etapa garaipenagatik eta Beñat Intsaustiren 10. postuagatik. Baina Galibier mitikoan atzoko etapan Movistarreko Giovanni Viscontik lortutako garaipen epikoarekin pozez zoratzear egongo da Arrieta. Alpeetako etapa inportanteenean, elurra lagun eta sekulako balentria eginda, Giovanni Visconti izan zen Galibierreko helmugan lehena, Betancur buru zuen atzeko taldetxoari 42 segundo aterata. Telagraphe mendian jo zuen erasoa Viscontik, eta ongi atera zitzaion. Sailkapen orokorrean Astana taldeko Vincenzo Nibalik ongi eutsi dio lidergoari. Ez du arerioekiko alderik galdu; hobe esanda, arerioei aldea atera die Alpeetako etapetan. Evans 1:26ra dago eta Rigoberto Uran 2:46ra. Sakandarrei dagokienez, maila ona eman dute Alpeetako etapetan. Galibierren erasoa jo zuen Samuel Sanchez liderrak, etapa garaipena lortzeko borrokan sartuz, eta tartetxoa atera zuen, baina Nibali liderrak erasoa zapuztu zuen. Aurretik bere saiakera egin zuen ere Egoi Martinez etxarriarrak, Telegraphe mendian, gero Samuel Sanchez laguntzeko. Atzoko etapan 36.a sartu zen Egoi Martinez, 2:58ra; Gorka Verdugo 43.a, 3:41era; eta Jorge Azanza 57.a, 9:53ra. Sailkapen orokorrean Samuel Sanchezek eutsi egin du eta 17.a da, 8:36era. Egoi Martinez 26.a da, 24:29ra; Azanza 41.a, 52:55ra; eta Verdugo 75.a, 1:43:43era. Alpeetako etapa gogor, hotz eta elurtsuetatik errekuperatzeko gaur atseden jardunaldia dute.