Sakana-Burunda elurtua

Guaixe 2013ko maiatzaren 20a

Pronostikoek ez zuten huts egin eta larunbata euripean eman genuen. Hala ere, Burunda Txirrindularitza Klubak antolatutako III. Sakana-Burunda txirrindularitza martxa ez zen bertan behera gelditu. 72 pertsonek zuten izena emanda aurretik eta egunean bertan 10 txirrindularik bete zuten inskripzioa, eta, azkenean 66 txirrindularik hartu zuten irteera. Eguraldi petralaren eraginez Sakana ezagutarazteko eta zikloturismo egun polita pasatzeko helburuarekin antolatutako proban aldaketak eman ziren. Batetik, proba ordu erdi beranduago abiatu zen, goizeko 9:00etan, eta, bestetik, San Migelgo krono-igoera bertan behera geratu zen, ibilbide guztian barna txirrindulariei denbora neurtzen zaien eremu bakarra, Aralarren elurra egiten ari zelako. Ibilbidean aldaketakHorrela, Altsasutik aterata Ziordiraino jo zuten 66 txirrindulariek, Olaztin sartu eta Urbasako portua igoz, Altamiratik jaitsi eta Etxarri Aranatzen Lizarragako bidea hartzeko. Lizarragako portua igota, gero Dorrao eta Unanu pasa zituzten eta Arbizura jaitsi ziren txirrindulariak. Uharte Arakilen aurrera egin zuten, Aralarko santutegira igo ordez, eta, jakina, ezin izan zuten Baraibartik eta Oderitzetik barna Madotzera heldu eta bertatik portua Etxeberritik jaitsi ahal izan, elurrarengatik eremu hori bertan behera utzi zutelako. Horren partez, Uhartetik Irañetara jo eta bertatik Arakil aldera egin zuten, Arakilgo kontzejuko hainbat herrietatik pasaz, Etxarrenen buelta hartu eta, atzera ere, Altsasuraino joateko. Ibilbide guztian barna euria lagun izan zuten txirrindulariak, baina ez ziren gehiegi kexatu ere. Txirrindulari zale sakandarrak aritu ziren proban, baina baita Euskal Herritik hurbildutako makina bat txirrindulari ere. Tartean zegoen Migel Indurain. "´Biziraun dugu" adierazi zuen txirrindulari handiak helmugan. Antolakuntzatik eguraldi txarrari aurpegi ona jarri nahi izan zioten. "Nahiz eta eguraldi txarra egin jendea oso kontentu dago. Ibilbidea oso polita dela esan dute" adierazi zuen Burunda Txirrindularitza Klubeko presidente Pablo Jimenezek. Altsasuko helmugan indarrak berreskuratzeko aukera izan zuten txirrindulariek. Guztiek produktu lote ederra jaso zuten eta txirrindulari gutxi zirenez, gehienei sariren bat tokatu zitzaien, zozketa ugari egin baitziren, tartean karbonoko bizikleta-koadro bat, betaurrekoak eta beste.