Lastozko eraikuntza

Guaixe 2013ko maiatzaren 24a

Gaurkoan hain ezezaguna den lastozko eraikuntza sistemaz hitz egingo dut. Lastozko etxeak daudela entzuten badugu, barre egiten dugu hiru txerritxoen kontua gogoratuz.Baina lastoa, gizakiak antzinatik estalpeak egiteko erabili duen material bat da. Gaur egun leku anitzetan erabiltzen da adobezko adreiluak egiteko edota teilatu inpermeableak eraikitzeko. Lastozko fardoen erabilera berriagoa da, lastoa modu horretan paketatzeko sistema berria baita eta telebistan bertan noizbehinka ikus dezakegu lastozko fardoekin egindako etxetxoren bat. Nik uste dut gero eta kontzientziatuago gaudela ingurugiroa errespetatzearekin, horregatik lastozko eraikuntza aukera ekologiko on bat dela esango nuke. Lastoa eta lurrarekin batera, material ekologiko, ugaria eta lortzeko erraza da. Gainera naturara itzularazteko ez dute inolako arazorik ematen, kutsadura eta zabortegi kontuan.Noski, denak bezala, eraikitzeko sistema honek bere gabeziak dauzka. Adibidez eraikin handiak ezin dira modu honetan egin, baina egur egiturez lagunduta etxebizitza merke, eroso eta dotoreak egin daitezke. Lastozko eraikinak kostu energetiko oso baxua daukate eta CO2 emititu beharrean, hau xurgatu egiten dute. Horrez gain, isolatzaile termiko izugarri onak dira eta horrelako eraikuntza batek berogailu kostuak asko aurrezten ditu.Ongi diseinatu eta eraikiz gero, fardozko eraikin baten bizitza 80-100 urte bitartekoa izan daiteke, hormigoizko eraikinak aldiz, 50 urteko bermea ematen digute. Sistema honek duen berezitasun bat, sistema merkea, xinplea eta norberak eraikitzeko erreza dela da. Gertu ditugun bi adibide jarriko ditut, bata Noainen dagoen Loreneako eraikina edota Sakanan bertan dagoen Arbizuko ekokamping-eko harrera eraikina. Andoni Igoa