Zegamara eta Ezkabara begira

Guaixe 2013ko maiatzaren 21a

Hala daude mendi lasterketetan dabiltzan korrikalariak. Izan ere, igandean Zegama-Aizkorri maratoi famatua jokatuko da (42 km, 5.472m desnibela), Munduko Kopako lehen lasterketa puntuagarria. Puntako espezialistak ariko dira bertan, iazko txapeldun Kilian Journet eta Oihana Kortazar buru direla. Korrikalari guztiek bertan egon nahi izaten dute proba honetan. Proba guztian barna, Aizkorrin gora, Urbian barna... sekulako jendetza biltzen da korrikalariak animatzera, proba are bereziago egiten du honek eta mundu mailako korrikalariek izugarri estimatzen dute. Baina antolakuntzak 450 korrikalari onartzen ditu. Mundu mailako Kopa denez, 100 toki konpromiso horiek betetzeko erreserbatzen ditu antolakuntzak. Beste 125 azken bi edizioetako denborak kontuan hartuz denbora onenena dutenendako gordetzen dira, eta azken 225 tokiak zozketatu egiten dira. Korrikalari sakandarrak Aizkorrin gora ikusteko aukera izango dugu, ez nahi zuten guztiak, baina. Arrieta anaiak, Unzurrunzaga, Goikoetxea, Salgado... eta beste hainbat ariko dira. Baina Zegama-Aizkorriz aparte badago mundurik. Zegaman aritzeko tokirik gabe geratu direnak igandean Ezkaba Traila jokatzeko aukera dute Antsoainen. Mendi korrikalariek bi ibilbide egiteko aukera izango dute: 25 km-koa (1.450m desnibela), Ezkabaraino igotzen dena, eta 18 km-koa (900 m desnibela). Maiza hamabigarrena IzarraitzenIgandean IX. Izarraitz Mendi lasaterketa jokatu zen Azkoitian (20 km). Abderrahim El Qayed tolosarra gailendu zen (2:00:19). Jose Javier Maiza etxarriarrak lan ederra egin zuen eta 12.a iritsi zen helmugara (2:10:39). Alberto Razkin etxarriarra 27.a izan zen (2:21:58) eta Juanjo Otxoa 69.a (2:53:24).