Arrietaren taldearen laugarren garaipena Giroan

Guaixe 2013ko maiatzaren 23a

Oso pozik daude Jose Luis Arrietak zuzentzen duen Movistar Team taldean. Atzo esprinterrendako propioa zen etapa jokatu zen. Etapa laua zen, bukaera aldera 3. mailako Crosara portua zuena. Eta hain zuzen ere hor jo zuen erasoa Movistarreko Giovanni Viscontik. Bakarrik igo zuen mendatea, bakarrik jaitsi, eta azken 18 km-ak bakarrik egitea lortu zuen, atzean ziztu bizian zetorren tropelari eutsiz. Egoi Martinezen laguntzarekin aurrean kokatu zen Samuel Sanchez. Erasoak jo zituen, baina ez zuen lortu aurrera egitea. Horrela. Visconti siziliarrak Giroko bere bigarren etapa irabazi zuen Vicenzan, Galibierren lortutakoaren ondotik, Movistarren laugarren garaipena Giroan, Dowsettek Saltaran eta Intxaustik Ivrean lortutakoen atzetik. "Oso etapa mugitua izan da, batez ere bukaeran. Saiatu ginen, baina Visconti oso indartsu zioan eta Samuri izugarri zaintzen diote" adierazi du Jorge Azanza altsasuarrak Twitterren. Sailkapen orokorrean ez dago aldaketarik eta Vincenzo Nibalik jarraitzen du lider, Evansi 1:26 eta Rigoberto Urani 2:46 aterata. Samuel Sanchez 15.a da, 8:36ra. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez 23.a da, 27:24ra; Jorge Azanza 37.a, 56:12ra; eta Gorka Verdugo 73.a, 1:53:10era. Gaur 20,6 km-ko kronoigoera jokatuko dute Giroan eta txirrindulariek aldea ateratzeko aukera izango dute. Hurrengo bi etapak ere gogorrak dira, Alpeak tarteko. Ostiralean Ponte Di Legnotik abiatuta Gabia mitikoa (2618 m) eta Stelvio (2758 m) pasa beharko dituzte, Val Martello gainean (2051 m) bukatzeko. Eta larunbatean mendia izango da protagonista, lau porturekin, Passo Costalunga (1745 m), Passo di San Pellegrino (1918 m), Passo Giau (2236 m) pasa eta Lavaredo (2304 m) gainean despeditzeko. Nibali indartsu dago, sendo, eta faborito nagusia da, baina ikusi behar ea arerioek nola estutzen duten eta nor heltzen den lider igandean Bresciara. Euskaltel helburua gauzatu gabeEuskaltel taldearen helburua etapa garaipen bat lortzea eta Samuel Sanchez liderra goian egotea zen, eta horretarako talde sendoa eraman zuten Girora, Sanchezen eskuadra osatzen duten Azanza, Egoi, Verdugo eta Urtasun. Baina talde laranjak ez du ez bata ez bestea lortu, nahiz eta ihesaldietan eta beste sartu. Gainera, zortea ere ez dute alde izan, Pablo Urtasunen erorikoa eta taldekako erlojupekoan izan zuten matxura mekanikoa tarteko. Ea Alpeek aukera hori ematen dieten.