Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kattuka haur eskolako gurasoak batu eta elkartea sortu dute. Izan ere, haurren lehen urtetako zaintzan eta heziketan, profesionalez gain, familien parte hartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaie. "Berebiziko garrantzia eman behar zaio adin hauetako haurrek bizitzen dutenari eta horretan familiak gara kontzientzia hartu behar dugun lehenengoak. Lehen hiru urte hauetan biziko dutena eragingo die bizitza osorako". Horregatik, hezitzaile profesionalekin batera, ahotsa izan nahi dute familiak, elkarrekin Kattuka eraikitzeko. Horretaz gain, haur eskolari dagokion garrantzia eman nahi diote, "eta behar den estamentuetan 0-3 urteko haurren hezkuntzarako eskubidea aldarrikatu".Asmo horietan guztietan aurrera egiteko prestakuntza ezinbestekotzat jo du Kattukako guraso elkarteak, horrela, besteak beste, ezjakintasunari eta hainbat egoeren aurrean gurasoek sentitzen duten segurtasun faltari aurre egiteko. Hezitzaileekin antolatutako kafe tertuliak izan dira orain arteko prestakuntza bidea. Baina zigor, erregresio eta gatazken inguruan aritzeko Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta haur masajerako hezitzailea gonbidatu dute. Garagarrilaren 4an, asteartean, izanen da Kattukan. Kafetxo bat hartuta haien kezkak azaltzeko aukera izanen dute interesatuek.