Herri baratzak ere eguzki eske

Guaixe 2013ko maiatzaren 23a

Euria, langarra eta atzera ere euria. Jendea amorrarazi du eguraldiak. Arrazoiak ugari ematen ditu jendeak ikustea garesti den eguzkia eskatzeko. Arrazoietako bat da baratza lantzeko aukerarik ez duela uzten. Eta horregatik hain zuzen daude Etxarri Aranazko eta Altsasuko herri baratzen egitasmoak geldi. Etxarri Aranazko herri baratzen egitasmoa sustatu duen taldeko kide da Joxan Jaka. Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, hitzetik ekintzetara pasa eta udalari egitasmoa aurrera eramateko lur saila eskatu zioten. 25.000 metro karratuko lur-saila utzi zien udalak Baratzetan. Autogestioaren bidez denen artean kudeatuko dute, "hasieran behintzat", baina 1.000 metro inguru lantzen hasiko dira. Herri baratzen taldean 30en bat etxarriar daude, baina nahi duen guztiak ateak zabalik ditu. Interesa eta gogoak baditu, horrekin nahiko da. Ez du zergatik baratze kontuetan jakin beharrik", zehaztu du Jakak Beleixe Irratian (FM 107,3). Azaldu duenez, helburua da belaunaldien artean jakintza partekatzea. "Baratza izanen da, baina komunikatzeko, gustura pasatzeko eta jan garbiak ikasteko espazio bat da ere". Lur-saila modu ekologikoan landuko dute, "orain dela 40 urtera arte landu zen moduan". Zergatiaz galdetuta, "udalak garbi utzi digun lur-saila hala edo garbiago bueltatu nahi dugulako", esan du Jakak. Proiektu "zabala" dute buruan, "lorategi bat izanen balitz bezala, herriko edozein jende sartu daiteke". Horregatik, ikastetxeekin eta aritutako zenbait jenderekin harremanetan ere jarri dira. Herri baratzak egitasmoa abiatuko dute aurten, baina poliki taldeak dituen beste egitasmo batzuk martxan jarriko dituzte. Hasteko, ahal dela, bertako haziak erein nahi dituzte. AltsasuAritz Urdangarin nekazaritzan teknikoa dena irakasle dutela, nekazaritza ekologikoari buruzko ikastaroa egiten ari dira 20 bat pertsona, gehienak 40 urtetik gorakoak eta sekula baratzik izan ez dutenak. Lau saio dira bi dagoeneko eman dituzte, baina eguraldiak laguntzen ez duenez, beste biak atzeratu behar izan dituzte. Sakanako Langabetuen Asanbladak (SLA) antolatu du ikastaroa, herri baratza sortzeko egitasmoarekin lotuta dago. Egitasmo horretan interesa duten guztiak ez doaz ikastarora, batzuk eskarmentua dutelako. Urdangarinek azaldu digunez, Altsasuko Udalak San Joan ermita inguruan lur sail bat utzi dio SLAri. "Orain partzelak banatzen ari dira. Bakoitzak lau pertsonako familia bat jakiz hornitzeko" tamaina izanen du. Irakasleak ere gaineratu du herri baratzekin langabetuek zerbait egiteko aukera izanen dutela. SLAk kudeatuko du espazioa, ura behar dutenean udalak hornituko ditu. Haziak eta lan tresnak norberak eraman beharko ditu.