Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT) greba orokorra deitu du Hego Euskal Herrian bihar. Grebarako deia egin dute Eskubide sozial eta laboral duinak. Euskal Herria eredu propio baten alde lelopean. Sindikatu deitzaileek, eta batu zaizkien 60tik gora eragileek, grebara jotzea "beharrezkoa" dela adierazi dute: "nahikoa da! esateko, gobernu ezberdinetatik datozen gure eskubideen kontrako erasoen aurrean".ELAko Sakanako arduradun Gorka Viergek esan digunez, bihar "enpresak hustu eta kaleak bete behar dira". Viergek borrokatzeko beharra dagoela adierazi du: "ongizate estatua eraisten ari dira eta enpresetan gero eta murrizketa gehiago izaten ari dira". ELAko arduradunak ziurtatu duenez, "lan erreformak lanpostu gehiago suntsitzea ekarri du eta, ondorioz, langabetu gehiago dago eta txirotasunean gero eta lagun gehiago daude". Sakanan "benetan egoera larriak" ezagutzen ari direla azaldu digu Viergek: "gurekin zeudenak eta bizpahiru urte lana galdu zutenak orain pobreziaren atzaparretatik ezin libratu ari da. Horregatik, bihar ere jende horri elkartasuna adieraziko diegu". LABeko ibarreko buru da Gaizka Uharte eta kalera ateratzeko "arrazoi dexente" daudela iritzi dio: "murrizketa murrizketen gainetik, erreforma erreformen gainetik ari dira". Uhartek adierazi digunez, grebak abiapuntua izan behar du: "aurrera begirako bide batean alternatiba bat mahai gainean jartzeko eta aurrera ateratzeko". Gobernuak egiten ari direna "goitik beherako klase borroka" gisa definitu zuen Uhartek; "dagoen aberastasuna goian metatzen da eta azpian, babes sozial eta zerbitzu publiko gutxiagorekin, gero eta egoera kezkagarriagoan gaude. Horri buelta eman behar zaio". Goitik indarrean jarritako neurri eta politikei aurre egiteko erabakitze eskubiderik ez dugula nabarmendu du LABeko kideak. Egoera iraultzeko borrokan dauden sektore guztiek indarrak metatzeko deia egin du Uhartek.Biharko deialdiak10:00etan Kontzentrazioak Irurtzunen, Etxarri Aranatzen, Altsasun (Netto), Olatzagutian eta Ziordian (harrobiko bidean, Lazaro Echeverriako langileekin elkartasunez). 12:00etan Sakana mailako manifestazioa Altsasun, plazan. Kapitala inguratu. 18:00etan Sakana mailako manifestazioa Irurtzunen, herritik Inasara.