Nibali merezitako txapelduna Giroan. Sakandarrak gaur itzuliko dira

Guaixe 2013ko maiatzaren 27a

Vincenzo Nibalik merezitasun osoz irabazi du aurtengo Giroa. Hasieratik zen faboritoa italiarra, Hesjedalekin eta Wigginsekin batera, baina onena dela demostratu du, Giroko bukaeran bi etapa irabazita, tartean larunbatean Alpeetako Tre Cime Lavaredon  modu epikoan elurpean irabazi eta gero. 4:43ra sailkatu da Sky taldeko Rigoberto Uran eta 5:52ra BMC taldeko Cadel Evans. Samuel Sanchez 12.a sailkatu da. Euskalteleko sakandarrei dagokioenez, Egoi Martinez 22.a izan da, 37:14ra; Jorge Azanza 33.a, 1:07:21era; eta Gorka Verdugo 64.a, 2:04:57ra. Mark Cavendishek 5 garaipen lortu ditu.Euskaltelek ilusio asko zituen Girorako eta bloke sendoa eraman zuen, Samuel Sanchez liderra buru zela. Sanchezek bere guardia eraman zuen, aipatu txirrindulari sakandarrez osatutakoa, eta etaparen bat irabaztea eta Samuel ahalik eta goienean sailkatzea zen helburua. Baina, tamalez, ez da lortu. Gainera, zortea ez dute alde izan talde laranjakoek. Pablo Urtasun urdiaindarrak Giroa utzi zuen, eta talde erlojupekoan, Euskaltelek denbora oso ona egiten ari zenean, matxura mekanikoa izan zuten, denbora preziatua galduz. Etapa garaipenagatik borrokatu dira behin eta berriz, baina ezinezkoa izan da. Bigarren postua lortu zuen Samuk kronoigoerako etapan. Irabaztear egon zen, baina Nibalik gainditu zuen. Sakandarrek lan handia egin dute baina saririk gabe bueltatuko dira. Gaur arratsaldean iritsiko dira Bilboko aireportura. Aldiz, gauzak oso ongi joan zaizkio Jose Luis Arrietak zuzendu duen Movistar taldeari. Lau etapa garaipen lortu dituzte eta Beñat Intxausi 8.a sailkatu da, 10:26ra.