Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Espainiako Motoziklismoko Abiadura Txapelketako 2. lasterketa jokatu da Aragoiko MotorLand zirkuituan. Moto 2 mailan Targobank Motorsport taldek Alex Mariñelarena irurtzundarrak lidergoa defendatzen zuen, Montmelón jokatutako lehen lasterketan irabazi eta gero. Etxean jokatzen zuen Mariñelarenak, Targobank taldea Aragoikoa baita, baina irurtzundarrak arazoak izan ditu eta ezin izan dio lidergoari eutsi. Hori bai, podiumera igo zen, hirugarrena sailkatu baitzen. "Asteburu konplikatua izan da. Entrenamendu ofizialetan erori nintzen eta lehendabiziko lasterketan zorte txarra izan dut, arazo mekaniko bat izan dugulako eta ondorioz lurrera joan naizelako. Pena izan da, lehen lasterketan ezin izan baitut puntuatu. Eta bigarren lasterketan, irteeran, okerrago ibili naiz. Seigarren eta zazpigarren postuetan egon naiz, eta taldea luzatu denean 5. postuan kokatu ahal izan naiz. Azkeneko itzulian hirugarren postura igotzea lortu dut, eta podiumera igotzea. Ea hurrengo lasterketan garaipenagatik borrokatzea lortzen dugun" adierazi du Alex Mariñelarenak. Irurtzundarra Jesko Raffin (Ponsracing) eta Roman Ramos (Team Stratos) pilotuen atzetik sailkatu zen bigarren lasterketan. Espainiako Abiadura Txapelketako sailkapen orokorrean Roman Ramos da lider berria (65 puntu), Alex Mariñelarenaren aurretik (41 puntu). Oraindik 6 proba falta dira txapelketa despeditzeko eta irurtzundarrak aurrean egon nahi du. Hurrengo lasterketa ekainaren 23an jokatuko da, Albaceteko zirkuituan. www.equipotargobank.esAlex Mariñelaren taldearen web gunea, informazio guztiarekin.