PPk Mank-ek enplegua sustatzea eskatu du

Guaixe 2013ko maiatzaren 29a

PPk Sakanan dituen bost zinegotzietatik lauk prentsaurrekoa eman zuten astelehenean Iruñean eta azaldu zuten ekonomia eta enplegua sortzeko eta mantentzeko mozioak aurkeztuko dituztela presente dauden ibarreko herrietan. PPk proposatu du Sakanako Mankomunitateak hondakinak biltzeko sistema berria ezartzeko bideratuko duen dirua beste helburuetara bideratzea. Popularrek proposatutakoen artean "etxegabetzeen kontrako neurriak" leudeke, "Mank-ek hipoteka ordaindu ezin dutenei emango liekeena". Horrekin batera, 45 urte baino gehiago edo gazteak kontratatzen dituzten enpresei bonifikazioak ematea, ekintzaileei eta autonomoei laguntzak ematea ere proposatu du PPk. Popularrek milioi bat eurok askorako ematen duela diote eta beste eragileek zentzu berean proposamenak egiteko eskatu dute. Jose Ramon Roman (Uharte), Juan Antonio Extremera (Etxarri), Frances Paris (Altsasu) eta Oscar Alvarez (Olazti) atez atekoren kontra agertu dira, "garestia, higienearen kontrakoa, intimitatea ez errespetatzea eta estetika moldatzen duelako". PPko kideek Sakanan sistema horren kontrako "aurkakotasun" handia dagoela ziurtatu zuten. Bestalde, PPk jakinarazi du larunbatean Altsasun ekitaldia eginen duela "terrorismoaren biktimei ahotsa emateko". Ekitaldian Consuelo Ordoñezek parte hartuko du.