Asteburuan banatu zuten ibarreko taberna, denda eta kultur etxeetan Enara Insaustik eta Juan Luis Napalek haiek egindako aldizkaria: Sakanako Hotsak, elebitan, euskaraz edo gaztelaniaz, ohainik eskuratu daitekeena. Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu dutenez, izen hori jarri diote ibarreko hotsak, soinutxoak bilatzen dituztelako. Napalek argitu duenez, "Sakana beste modu batera saldu eta ezagutarazi nahi dugu. Ez da informazio aldizkari bat. Atenporala da. Sakanako enpresen berri ematen dugu, ekintza batzuk ezagutarazten ditugu, baina beste modu batean". Eta horretan guztian irudiak indar berezia hartu du. Aldizkariak dituen atalei dagokienez, Insaustik azaldu du atalik zabalena publierreportajeak direla. Horrekin batera, elkarrizketa bat eta kolaborazioak izanen dira: Pello Reparazek musikaz idatziko du, Irati Binue Insaustik sarean ageri diren munduko gaien inguruan ariko da eta Morkotsen komikia eginen du. Lehen zenbakia jendearen gustuko izan dela azaldu digute. "Oso pozik gaude emaitzarekin eta jasotakoarekin", azaldu du Napal. Jendeak gehien harritu duena, aldizkaria bertikalean irakurri beharrean horizontalean zabaldu eta irakurri behar dela. Hiru hilero sorpresaren bat ematen saiatuko da bikotea. SKA Komunika Napalek eta Insaustik sortu duten enpresa da Sakanako Komunikazio Agentzia. Enpresaren aurkezpen txartela ere bada aldizkaria. Insaustik azaldu duenez, "biok Iruñean komunikazio arloan lanean geunden eta Sakanan bertan bizi eta lan egin nahi genuela erabaki genuen. Biok autonomo jartzeko asmotan genbiltzan, Sakantzen Sarean bildu ginen eta egiten dakigun hori eskaintzen jarri ginen". Napalek gaineratu duenez, "Sakanan halako zerbait eskaintzeko beharra ikusten genuen". Egitasmoa martxan jarri aurretik Insaustik azaldu du Cederna-Garalurren izana nintzen eta aholku batzuk jaso zituela. Behin enpresa martxan jarrita eta aldizkaria, haien produktu propioa kalean, bezeroak bilatzeko lanean buru belarri lanean daude, krisiagatik "une gogorra" dela aitortu digute. Beleixe Irratian (FM 107,3) despeditu aurretik sakandarrak haien zaletasunak ogibide bihurtzen saiatzera animatu dituzte.