Aldaketarako indarrak biltzen

Guaixe 2013ko maiatzaren 30a

Finantza arloak sortutako krisialdiak ekarri dituen ondorioei erantzuteko gaur Sakanan zazpigarren greba orokorra egin da. Indar erakustaldi gisa hartu dute deitzaileek, "martxan jarri nahi dugun prozesu soziala, Euskal Herriko gutun soziala, bulkatzeko". Horretan euskal gehiengo sozial eta sindikalaren aldarrikapenak jasoko dira. Hurrengo hilabeteetan alternatiba hori eraikiko dela adierazi dute: "bestelako gizarte eredu bat lortzen saiatzea, langileriaren gehiengoaren oinarrizko eskubideak bermatuko dituen ongizate estatua: lan eta pentsio duina, gizarte babesa, bizitza eta denendako kalitatezko zerbitzu publikoak". Jarraipena Irailekoaren eta otsailekoaren ondoren, denbora gutxian deitutako hirugarrena izan da. Eta horrek herritarren erantzunean eragina izan du, jarraipena ezberdina izan baita. Langile batzuen nekea eta lanpostua galtzeko beldurra nabaritu dela azaldu dute antolatzaileek. Hala ere, erantzunarekin pozik daude. Zerbitzu publikoetan jarraipen zabala izan da: udal gehienak, mankomunitateak eta gizarte zerbitzuak gelditu egin dira. Herrietan denda txikiak, orokorrean, itxi egin dute. Handiei dagokienez, Eroskik itxi du, DIA piketeek itxi du eta Netto zabalik geratu da. Industrian aurreko deialdietan baino txikiagoa izan da jarraipena. Magotteauxek, GHk, Tratamientos Algoik, Egokik, Nortenek, Panificadora Amayak, Altsasuko kiroldegiak, Omniak, edo Zurgaik itxi egin dute. Lanuzte partzialak izan dira, berriz, Apoyos Metalicosen, Sunsundeguin edo Portlanden. Hezkuntzan jarraipen zabala izan du atzoko deialdiak. %55eko jarraipena izan du ikastetxe publikoetan eta gutxieneko zerbitzuak bete dira ikastoletan. Eguerdiko manifestazio akaberan Blanca Ilundainek LOMCE legea kritikatu du: "eskola publikoa eliza, merkatua eta eskuin zaharkituenaren menpe jarri nahi du". Euskal hezkuntza eredua defendatu du, bertan definituko dena: "eztabaida hori sustatu eta zabaldu behar da, eta eztabaida horren erdigunean Euskal Herriaren erabakitze eskubidea jarri behar da". InguratutaGizarte zerbitzuak babesteko nahia irudikatu da eguerdian Altsasun egindako mobilizazioan. Manifestariek Gizarte Zerbitzuen mankomunitatearen egoitza hartzen duen etxadia inguratu dute. Orain arte lortutako eskubideak eta gizarte onurak galtzen uzteko ez eta haiek defendatzeko prest daudela irudikatuz. Horretan ari zirela murrizketen kontrako oihuak egin dituzte. Caixa-ren bulegoko etxadia ere inguratu dute manifestariek. Gainera, bulegoari bizkarra eman diote. "Foru kortijoak, eliteak, nafarrei egindako arpilatzea eta ustelkeria" salatu dute horrela. Orduan banketxeak lapurrak eta ez dago ogirik hainbeste txorizorendako leloak oihukatu dituzte manifestariek. Adierazpenak Gaizka Uhartek, LABeko kideak, adierazi duenez, kapitalak eta Troikak pribatizazio, murrizketa, pentsioen eta lan erreformen gainean krisiari irteera eman nahi diote, aberastasuna pilatuz. Borrokaren balioa aldarrikatu du: "egiten ari garen borrokaren emaitzak luzera ikusiko ditugu". Euskal Herrian egungo ereduari alternatiba bat eraikitzeko beharra aldarrikatu du. Klase gatazka gaur inoiz baino nabarmenago ageri dela azaldu du Uhartek eta haien erronka "ofentsibara jendea batzea eta Euskal Herriak behar duen aldaketa gauzatzea" dela esan du. Gorka Vierge, ELAko kideak, krisialdiaren aurrean herritarrei uzten zaien aukera bakarra borroka dela adierazi du. Aberatsek herritarren kontura gero eta gehiago aberasten ari direla salatu du. Murrizketak eta bidegabekeriak ezartzen dituzten alderdien ustelkeriaz nazkatuta daudela adierazi du Viergek. Hezkuntza eta osasuna izorratu ondoren, negozioa egiteko pentsioen bila doazela ziurtatu du. Justizia, duintasuna eta demokrazia, oinarri horiek aldarrikatzeko elkartzera eta antolatzera deitu du.  Mobilizazioak Irurtzunen 150 pertsonak lehenik kontzentrazioa egin dute eta ondoren manifestazioa. Inasaren egoera presente izan da uneoro. Etxarri Aranatzen ere manifestazioa egin dute 150 pertsonak. Altsasun, berriz, 300 bat izan dira goizean mobilizatu direnak. Olatzagutian 42 pertsona kontzentratu dira eta ondoren hamaiketakoa izan dute. Ziordian, harrobietako bidean, 50 bat pertsona elkartu dira Lazaro Echeverriako langileei elkartasuna adierazteko. Eguerdiko manifestazioa 1.100 pertsona bildu dira. Inasa eta Lazaro Echeverriako lan gatazkak presente izan dira Altsasuko manifestazioan.