Nafarroako Itzulia Sakanako Rural Kutxarendako

Guaixe 2013ko ekainaren 3a

Eliteen eta 23 urtez azpiko afizionatuen 52. Nafarroako Itzuliak zapore sakandarra izan du, Rural Kutxa talde sakandarreko Toni Molina izan baita garailea. Krisiaren eraginez aurten soilik bi etapa izan ditu Nafarroako Itzuliak, eta 14 talde lehiatu dira. Talde sakandarrari ongi atera zaio estrategia. Larunbateko lehendabiziko etapan, Agustinos poligonotik atera eta Villatuertan despeditu zena, Toni Molina izan zen garailea, 7 txirrindulariz osatutako taldetxoari 34 segundo aterata. Eta igandeko etapan Lizarteko Higinio Hernandez izan zen azkarrena Molinarekin Iruñean izandako sprint estuan. Lizarteko Antonio Pedrero 3:15era sartu zen. Baina bezperako 34 segundoko abantailari esker 22 urteko Toni Molinak irabazi du Nafarroako Itzulia, Higinio Fernandezi 34 segundo aterata eta bere taldekide Migel Angel Benitori 5:46 aterata. Alacantekoa pozik zoratzen zegoen. "Oso kontentu nago. Ongi kontrolatu dugu etapa eta erritmoa eta taldekide guztiei eskertu nahi diet arrakasta hau, eurak gabe ezinezkoa litzatekeelako garaipena. Onenekin salto egiteko talde hoberenean nago" zioen Molinak, hunkituta. Bera izan zen ere 23 urtez azpiko txirrindulari onena eta erregulartasunaren saria eta mendiko saria jaso zituena. Rural Kutxa talde sakandarrak dagoeneko 13 etapa garaipen pilatu ditu denboraldi honetan.