Badira hainbat modu herri baten historiara hurbiltzeko. Sakanako historia behar den bezala ezagutzeko ezinbestekoa da Jose Maria Satrustegi, Patxi Ondarra, Jose Maria Jimeno Jurio eta Rafael Carasatorreren lanak ezagutzea eta ohe ondoko mahaitxoan ale bat edo, gutxienenez, izatea. Izan ere, ahozko testigantzak eta liburuetakoak behar-beharrezkoak zaizkigu gure historiaz jabetzeko, baina behin baino gehiagotan ahaztu egiten zaigu beste bide eraginkor bat dugula gure iragana ezagutzeko: toponimia. Toponimiari esker gauza asko jakin ditzakegu; adibidez, Dorraoko barga batean Andres izeneko mutil bat bota zela, erori baitzen, edo handik bota zela, buruaz beste egin zuelako. Batzuen iritziz leku hartara askotan joaten zen galdutako ahuntzen bat edo beste bilatzera edota otsoak harrapatzera (beste garaiak ziren, jakina; orduko otsoak lau hankakoak ziren eta ez bikoak oraingo batzuk bezala). Andres bota zaneko bargan bota zen, orduko gertakaria toponimian islatuta gelditu baita.Era berean, jakin badakigu Lizarragan noizbait Diego izeneko bat bizi izan zela. Agian Andresen laguna izan zitekeena. Auskalo. Badakigu gizon hark gurdi bat zuela eta uste izatekoa da gizon hura oso pozik egonen zela bere gurdi erosi berriarekin. Eman dezagun gizonak idi parea eta guzti ere erosia zuela, eta aurreko gurdi zaharra, behiek bultzaturikoa, saldua zuela berria erosi ahal izateko. Berak, orduan, ez zekien zer gertatuko zitzaion, guk ordea toponimiari esker jakin badakigu gizajoak gurdia handik gutxira galduko zuela Diegoren karroa bota zana izeneko lekuan. Eta gaitzerdi karroa baizik ez bazuen galdu, eta ez bizitza bera, Andresen kasuan bezala.Toponimoen bitartez Andres eta Diego bezalako beste sakandar askoren gora-beherak eta istorioak ezagutu ahal izango ditugu; jakingo dugu, adibidez, Unanuan artzainak egon direla betidanik eta Ahuntzak jeixten diraneko zelaian biltzen zirela; Bakaikun hiru hankako zaldi batek bazkatzen zuela Hiru hankako zaldia aldean; Iturmendin behiak ez direla edonon uzten, baizik eta Behia uzten denekoan; Ziordian gizon bat hil zela pago baten ondoan Gizona hil zaneko pagoa izeneko lekuan; Altsasun Andrea Galdu zan errekan izeneko lekuan andre bat galdu zela, eta ongi bilatu arren ez zutela inon ere aurkitu, ez Otsoa hil zanekoan, ez eta Ura hondatzen denekoan ere.Bukatzeko, eta gaizki iruditzen ez bazaizue, Andresen, Diegoren, Altsasun galdutako andrearen, eta Ziordian pago batetik zintzilika hil zen gizonaren arimen alde otoitz egiteko Arbizuko Sermoi egiteko arbolan bil gintezke eguraldi ona egiten badu, gero Sorgin errekara joan eta bainu bat hartzeko.Juan Karlos Lopez-Mugartza