Gaitz bat, ohe bat, ehun arte

Guaixe 2013ko ekainaren 5a

Nafarroako Parlamentuaren aurrean ehun ohe eta bakoitzean gaixo bat. Eta gaixo bakoitzak zuen gaitzaren berri ematen zuen kartela eskuan. Protesta ikusgarri horrekin irudikatu zuen larunbatean 3 Mugak Batera (3MB) plataformak porlandegian erraustuko balitz sortuko liratekeen gaitzak. 3MBk Nafarroako herritar guztiei, erakundeei, alderdi politikoei eta sindikatuei eskatuzien hondakinen errausketa "zer-nolako basakeria den ohartzeko". Errausketarik gabe hondakinak kudeatzeko beste  eredu batzuen alde egiteko eskatu zuen 3MBk. Plataformako kideek jakinarazi zuenez,  "hondakinak errausten dituen zementu-fabrika batek, baztertua izan den Energia Balioztatzeko Plantak baino 20-30 aldiz gaitasun handiagoa du gasak isurtzeko eta hedatzeko garaian". 3MBko kideek azaldutakoaren arabera, porlandegiko egitasmoa gauzatuko balitz, "hondakin errauskailua arautzen duen dekretu berberaz arautuko da, baina zenbait kutsatzaile arriskutsuren isurpen mugak HKNPIak egokiena bezala aurreikusten zuen eta Tafallan nahi izan ez duten azken teknologiadun plantan ezarritako mugak baino hiru aldiz handiagoak izanen dira". 3MBko kideek gogora ekarri zuten ehunka ikerketa medikuk eta zientifikok berretsi dutela "errausketa prozesuan isurtzen diren kutsatzaileekin lotuta dauden minbizi ugari hartzeko arriskua biderkatu egiten dela faktoria hiltzaile hauen ondoan, eta haurrak direla ondorio latzenak jasaten dituztenak". Olatzagutiko porlandegiaren kokapenaz ere gaztigatu zuten: ibarraren ondoan, natur parkez inguraturik, Olatzagutiko eskolatik 460 metrora eta herri osoa HKNPIak ezartzen duen 1.000 metroko segurtasun eremuaren barnean.