Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ez. Ezetz. Ez dela amaiera.Bai. Amaierarik gabekoa dirudi maiz hainbat handiren ibilbideak. Gizaki eta musikari gisa hemendik hara dabiltzan bideek mugagabeak dirudite. Estilistikoki eta lirikoki buelta asko eman ditzake bizitza osoan musikari batek, baina bide luze horrek amildegira eraman ez dezan, arimak bertan iraun behar du. Mezuak baino, mezua helaraztearen naturaltasun sakonak behintzat. Horixe bera da Gariren kasua. Aita eta bion barne izan daitekeen horietako ideia bat. Ideia, bai.Ez. Ez dira hiztegietan. Zoroak, konplizeak, "Ez da amaiera"-ren hitzak guretzat. José Luis Padrón, Jon Benito, Kirmen Uribe eta Fermin Etxegoienek ezin hobe egin dute bat proiektu honen izaera eta erro sakonarekin. Egunerokoaz askoz harago doaz sarritan eta zuzenki proportzionala da gurekiko honek guztiak izan dezakeen eragina. Horretan datza lan honen sakontasuna.Bai. Garaituta dago, galduta dago. Galduta. Estudiora heldu eta ia zerotik hasi behar den artista. Beldur eta tentsio artean garaituta. Galduta. Galduta bai, baina atmosferan. Benetako Maitasun Kanta eta No Space No Time entzun eta usaina har dakioke estudioan sortu den klima horri. Atmosfera horri. Galduta egote horrek sormenaren errora eraman gaitzake. Sormenaren atmosferara. Eta guri, beste aldean gauden horiei, bertan murgiltzeko aukera eman ere.Ez. Ez da Texasen izanen atmosfera horretan murgiltzeko hurren aukera. Sakanan baizik. Geurean. Geurea da orain aukera. Ekainaren 8an Altsasuko Iortia kultur Gunean. Berria ez da horren berria eta hau ospatu beharra dago. Berria zahartzen doan heinean amaieratik urrunago baitago. Ez. Ezetz. Ez dela amaiera.Pello ReparazVendetta musika taldeko abeslaria