Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hondakinak bota edota nahastu beharrean aprobetxatu egin nahi dira, birziklatze tasa %25etik %80ra igoarazizSakanako Mankomunitateko presidentea eta kudeatzaile Aitor Karasatorrek eta Adolfo Araizek Iruñean eman duten prentsaurreko batean jakinarazi dute hilaren 27an jarriko dela martxan hondakin bilketa sistema. Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Bakaikun, Iturmendin, Urdiainen eta Olatzagutian hasiko dira egunero hondakinak gaika hartzen. Ondoren ekarpen guneak dituzten herri txikiak batuko dira bilketara sistema berrira: "hornidurak ongi prestatu nahi dira eta herriz herri egokitu behar dira" Horren berri laster jakinaraziko du Mank-ek. Gaurko agerraldian Karasatorrek esan duenez, " prest gaude. Bai sakandarrak parte hartze prozesuan zalantzak argitu, sistema egokitu eta ekarpenak egin ondoren; bai gu, sistemak behar duen guztia prest dugulako". Organikoarekin hasiGaragarzaroaren 27a osteguna da, beraz, Mank hondakin organikoak biltzen hasiko da herri horietan. Arduradunek azaldu dutenez, "erabaki dugu frakzio horrekin hastea bizilagunendako bileretan egiaztatu dugulako jendeari gehien kezkatzen duen materia organikoa dela". Hala ere, 4.000 pertsona ingururi ez zaio hondakin organikorik jasoko konposta edo auzokonposta eginen dutelako. Mank-etik adierazi dutenez, bideragarritasun planean 2.800 etxeetan konposta egiteko aukera aurreikusi zuten eta "kopuru horretara hurbiltzen ari gara". Auzo konposta egiteko 2.000 pertsonek eman dute izena. Materia organikoa aprobetxatuko dute guztiek. Kopuruek adierazten dute hondakin organikoen birziklatzea handitu eginen dela, eta ibarreko birziklatze tasa orokorra. Hori da hain zuzen ere, Mank-ek sistema berriarekin lortu nahi duena. Hondakin bat egunekoSistema berria ezarriko den zortzi herrietan Mank-eko langileak astean sei aldiz pasako dira hondakinak jasotzera, eta egun bakoitzean gai bat jasoko dute. Astelehen eta ostegunetan materia organikoa. Astearte eta ostiraletan ontzi arina, asteazkenetan papera eta kartoia eta, azkenik, larunbatetan errefusa. Mank-eko langileak 6:00etatik 14:00etara eginen dute bilketa. Baina sakandarrek hondakina bezperako 20:00etatik ateratzeko aukera izanen dute. Larrialdi guneak ere martxan jarriko dituzte. Hondakin baten kantitate handietan dituenak edo oporretara joaten denak haietan uzteko aukera izan dezan. Sakanan eginaMank-ek hondakin sistema berria ezartzeko orduan ibarreko enpresekin lan egin du, "Mank-ek bezain ongi ezagutzen dutelako eskualdea". Aurtengo negu eta udaberriaren ondoren hautatutako materialen "indarra eta egokitasuna" ziurtatu izan dela adierazi dute Mank-eko buruek. Aurrekontuari dagokionez, aurreikusitako 1.017.000 euroetatik 750.000ra jaitsi dela adierazi dute Mank-etik. Eta gaineratu dute aurrekontuaren %68a Sakanako 20 bat enpresetan gastatu dela, besteak beste, Carpintería Garciandía, Igoarkin Estudio Arquitectura eta Talleres Irulizar. Aldi berean, Etxarri Aranatzen 60 familiendako jarritako konpostatze etxolak hainbat udal eta mankomunitateren interesa piztu duela azaldu dute: "bisitak egiten ari dira eremuaren abantailak egiaztatzeko". Bisita horien bidez Mank-ek proiektuan parte hartu duten enpresetara bideratu dituzte interesa agertu duten guztiak eta eskaera berriak jaso dituzte, "auzokonpostaren eta posteen inguruan hainbat berrikuntza sortu dira ibarrean". Hondakin sistema berriak 9 lanpostu sortu ditu dagoeneko eta "konpostatzeak beharko duen jarraipenarekin kopurua handitzea" espero dute. Sakanan bertan konpostatze planta bat irekitzeko asmoa ere gogora ekarri dute. Adituen usteak bere eginez, Mank-en sinisten dute etorkizunean lanpostuak sortzeko aukerarik handienak ekonomia iraunkorrak edo berdeak emanen dutela: "birziklapen tasa hobeak izanik, lehengai horiekin lan eta produktu berriak sortzeko aukerak zabaltzen zaizkigu, eta lanpostuak sortzeko aukera". InformaziorakoMank-en doako telefonora hots egin daiteke: 900 730 450. Posta elektronikoaz info@sakana-mank.com helbidera zuzendu daiteke. www.sakana-mank.com/hondakinak blogean ere argibideak daude. 1.800 parte-hartzaileJende kopuru hori izan da hondakin sistema ezarri aurretik Mank-ek aurten 28 herrietan egin dituen 48 bileratan. Parte hartzeagatik eskertuta azaldu dira Mank-en.%42,1Sakanako populazioaren kopuru hori dute (8.744 biztanle) bilketa sistema berria hasiko duten zortzi herriek.