Euskal Herriko hainbat herrietako kideak presente zeudela, larunbatean aurkeztu zuen bere burua Alde Hemendik herri mugimenduak Altsasun. Hiru eskaera plazaratu zituzten mugimendu berriko kideek. Lehenik, "indar okupatzaileen presentzia eta kontrolen amaiera lehenbailehen eman dadila. Inongo jazarpen eta mehatxurik gabe lasai eta aske bizitzeko eskubidea" aldarrikatu zuten. Horrekin batera, "bake eta normalizazio politikora eramanen gaituen prozesu demokratikoa garatu ahal izateko euskal herritarren aurkako errepresio mota guztiak alboratzea" eskatu zuten. Horretarako "inongo inposizio eta mehatxu militarrik gabeko eszenatoki demokratikoa eta proiektu politiko guztiak egingarri izateko aukera " aldarrikatu dute Alde Hemendik-eko kideek. Azken eskaera instituzioendako, "gatazkaren konponbidean Espainiatik eta Frantziatik etorritako gorputz militarrak eta polizialak Euskal Herritik alde egiteko eskaera egiteko eskatzen diegu". Eskaera horiek hilaren 15ean Euskal Herriko 15 herri eta hirietan eginen diren manifestazioetan zabalduko dituzte. Altsasun ere eginen da. AtzetikHerri mugimendu berriak bere aurkezpen prentsaurrekoa Burunda pilotalekuan eman zuen bitartean Iortia kultur gunean PP ETAko biktimen aldeko ekitaldia egiten ari zen. Popularren hainbat buru eta gobernu ordezkaria han ziren eta atean Guardia Zibilak. Prentsaurrekoa despeditu ondoren, mugimenduko kideek manifestazioa egin zuten Altsasun, Guardia Zibilak atzetik zituztela. Manifestariek alde hemendik, utzi bakean edo torturarik ez moduko leloak oihukatu zituzten. Ondoren, plazan, elizako pareta batean jarritako murala mustu zuten. Ekitaldia auzatearekin despeditu zen. Guardia Zibila urrundik zaintzen egon zen.