Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean jokatuko da lasterketa, 9:30ean (28,5 km). Nafarroako eta Euskadiko Kopetarako baliagarria daHanditzen ari zaigu Lakuntzako Zabalarte Mendi Klubak hainbat entitateren laguntzarekin antolatuta, igandean, hilak 9, jokatuko den Lakuntza-Aralar mendi lasterketa. Antzinako apustuetan oinarrituta sortu zen Guardetxeko igoera lasterketaren tokia hartu zuen probak, ibilbidea luzatuz. Probaren 10 urteak ospatzeko, aurten mendi proba Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako baliagarria izateaz gain, aurten Euskadiko Koparako puntuagarria izango da, eta garaileek errekorra gaindituz gero, 300 euro gehiago eskuratuko dituzte. Atzo despeditu zen izena ematea eta erredakzioa ixteko garaian ia 200 korrikalari zeuden izena emanda. Iaz Hassan Ait Chaouk eta Aitziber Ibarbia izan ziren txapeldunak. Aurten puntako korrikalariak espero dira, eta ikusi beharko dugu zer egiteko prest dauden puntan dauden Aralar Mendiko uhartearrak. Aralarko paraje ederretatik barnaLakuntzakoa Aralar mendizerraren bihotzean egiten den lasterketa da (28,5 km, 2.308 m desnibela). Korrikalariak 9:30ean abiatuko dira Lakuntzako plazatik. Atazarko igoeratik Guardetxera igoko dira (1.035 m), antzinako galtzadatik pasaz. Guardetxetik Albi eta Mugardin barneratuko dira, Belokiko lepora joz (1.205 m) eta handik zuzen Unako putzura ailegatuz, gero Hirumugarrietako tontorrera (1.431 m, Aralarko tontorrik altuena) iritsi arte. Ondoren Lakuntzarako bidea hartuko dute Errenaga (1.298 m), Pagomari (1.140 m) eta Sandindegitik barna jaitsiz. Bukaeran, ohikoa denez, masajeak hartzeko aukera eskainiko du Surya masaje eskolak. Eta, jakina, auzate ederra izango da korrikalari guztiendako. Guztia behar bezala antolatzeko, 80 pertsona baino gehiago ariko dira antolakuntza lanetan. Errekorra gaindituz gero 300 euro gehiagoSari banaketa 13:15ean hasiko da. Parte-hartzaile guztiek kamiseta tekniko bat eta produktu lote bana jasoko dute. Irabazleek, gizon eta emakumeak, 350 euro, txapela eta trofeoa jasoko dituzte, eta errekorra gaindituz gero, 300 euro gehiago (2:05:14, Ionut Zinca, 2004an, eta 2:36:40, Alicia Olazabal, 2011), bigarrenek 120 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 80 euro eta trofeoa. Laugarrenek, bosgarrenek eta seigarrenek produktu lotea eskuratuko dute. Bestalde, lehen lakuntzarrek, lehen sakandarrek, lehen beteranoek, lehen juniorrek eta lehen kadeteek trofeoak jasoko dituzte. Kadete eta jubenilendako 16 km-ko probaBigarrenez, Zabalarte Klubak 17 km-ko ibilbidea antolatu du kadete (15-17 urte) eta junior (18-20 urte) mailendako. Helduekin batera aterako dira kadeteak, 9:30ean, eta Guardetxeraino ibilbide berbera eginen dute. Ondoren, Igaratzako pista hartuko dute eta Kolosabarreneraino joango dira, handik helduen jaitsiera egiteko. www.lakuntza-aralar.comLasterketari buruzko informazio guztia. ErakusketaProbaren 10. urteurrena ospatzeko Lakuntza-Aralar lasterketari buruzko erakusketa antolatu du Zabalartek, udaletxeko ganboikoan. Larunbatean 19:30ean mustuko da eta igandean ere zabalik egongo da. Mustutze ekitaldia Jose Antonio Salgado omentzeko baliatuko dute Zabalartekoek, altsasuarrak antolaketan laguntzeaz gain, Guardetxe eta Lakuntza-Aralarren beti parte hartu baitu. Horrela, 10 urte hauek eta Guardetxe igoerako aurreko urteak biltzen dituen dossierra edo liburuxka jasoko du Salgadok.