BTT-larien topaketa Altsasun

Guaixe 2013ko ekainaren 7a

Altsasuko BTT Zeharkaldiaren 18. edizioa izanen da igandean. 43 km-ko ibilaldi ederra prestatu dute, eta lehenengoz Sagarminarri gainera joko duteBurunda Txirrindularitza Taldeko Mendi Txirrindularitza Sailak dena prest dauka igandeko 18. Altsasu BTT edo Mendi Txirrindularitza Zeharkaldirako. Antolakuntza 1.000 txirrindulari hartzeko prest dago. Iaz 878 aritu ziren. Aurrez 400 pertsonek bete dute inskripzioa www.clubciclistaburunda.com web orrian, baina eguraldiaren arabera egunean gehiago edo gutxiago izanen dira.Altsasuko BTT zeharkaldia proba ez-lehiakorra da. Euskal Herriko egutegian finkatuta dagoen proba da, Nafarroako probetan zaharrena. Helburua gure eskualdea erakustea da, gure paisaiekin gozatzea eta bizikletarekin disfrutatzea. Gure paisaien edertasuna eta probaren antolakuntza ona da parte hartzaileek gehien estimatzen dutena, Julian Claver probaren arduradunaren esanetan. Aurten 43 km eta 1000 m-ko desnibelaTxirrindulariak goizeko 9:00etan aterako dira Altsasuko plazatik. 43 km dituzte aurrez aurre, aldaketekin. Aurten 11 km berritu dituzte. Hasieran Sorozarretara joko dute. Segidan Urdalurko urtegitik pasako dira, handik gora Ziordia eta Olaztiko mugara joateko, Sagarminarri gainera. Lehenengoz paraje haietan barna ariko da Altsasuko BTT proba. "Probaren 11 km inguru berriak dira, Ziordia eta Olaztiko parajeetan" adierazi digu Claverrek. Zapardin hornidura gune nagusian atsedena hartu eta bertatik Orobeko harrobietara joko dute, gero Sorozarretara, Torretxikira eta Uberragara heltzeko. Edari horniduraren ondotik Dantzalekura helduko dira, eta Basoitxin buelta bat eman ondoren Altsasuko plazara helduko dira. Lana, giro oneanIzena ematen duten lehen 700 txirrindulariek hurrengo opariak jasoko dituzte: kirol kamiseta teknikoa, Laketek emandako txistorra, Katealdek emandako patea, Lacturale esne kaxa bat eta Kaiku produktua. Eta bizikletarekin zerikusia duten sariak zozketatuko dituzte txirrindularien artean. Antolatzaileek Altsasu BTT zeharkaldian parte-hartzera animatu dituzte sakandarrak, "ibilbidea ederra delako, pribilegiatua". Dena ongi ateratzeko Burunda Txirrindularitza Taldeko BTT sekzioko lauzpabost pertsona aritzen dira lanean urte osoan, eta asteburuan 100 lagun inguruk egingo dute lan "oso giro onean. Herriari onura ekartzen dion aktibitate bat prestatzea beti da ederra" nabarmendu du Claverrek, Altsasuko Udalaren prestutasuna eskertuz.Igandean bertan eman daiteke izenaOraindik ere izena eman daiteke, igandean, probaren egunean, 7:45etik 9:00etara, Altsasuko Gure Etxean (Federatuek 21 euro eta federatu gabekoek 25).