Goi tentsioko mendi martxa

Guaixe 2013ko ekainaren 7a

Autopista Elektrikorik Ez! plataformak antolatu du etziko mendi martxa. Deikaztelu eta Itsaso artean argindar linea berria eraikitzeko Iza eta Arakilgo udalerriak aukeratu ditu Red Electrica Españolak (REE). Mendi martxarekin egitasmoak ukituko dituen parajeak ezagutzeko aukera izanen da. Horretaz gain, zenbait geldialdi eginen dira, tentsio handiko linea batek osasunean (minbizia, zarata, kutsadura elektromagnetikoa...), ingurumenean eta eta baliabide endogenetan oinarritutako alor ekonomikoan dituen eraginak azaltzeko. Plataformaren iritziz 400 kV-eko lineak ez du "justifikazio sozial eta publiko erreal bat". Salatu duenez, Sakanan ez da 400.000V-tatik etxean erabiltzen ditugun 220V-tara tentsioa jaitsiko duen instalaziorik. Beraz, "energia elektrikoaren hornidurarekin lotutako arazoa konpontzearen arrazoia ezerezten du. Proiektu hau, energia enpresa handien negozio pribatuen parte dela ulertzen dugu". Energia espekulazioaren kontrako mezua zabaldu du ere Autopista Elektrikorik Ez! plataformak. MartxazAhalik eta auto gutxien erabiltzeko Irurtzungo Pikuxarren gelditu dira. Handik 8:45ean aterako dira. Abiatu aurretik, Otsobin gosaria izanen da. Bizkai lepoan geldialdia eginen dute. Ibilbidea Satrustegin despedituko dute, herri bazkari batekin. Mendi martxari, besteak beste babesa azaldu diote: Arakilgo Udalak eta Errotzeko, Izurdiagako, Urritzolako, Ekaiko, Zuhatzuko eta Satrustegiko Kontzejuek. Ibilbidea REEk oniritzia eman dion proiektuko linea Bizkai menditik sartuko litzateke Sakanara. Errotz iparraldetik 295 metrora pasako litzateke. Arakil ibaia zeharkatu eta Urritzola hegoaldetik joanen litzateke linea berria, egungo linea baino hegoalderago. Hau da, bargan sartuago. Eta hala segituko luke Arruazuraino. Arbizun ere hegoalderago pasako litzateke, kanpinetik gertu. Etxarri Aranatzen dermioan hegora eginen luke, Legarberaino. Handik, Santa Barbaratik, Burundara egungo linearen bidetik sartuko litzateke. Gipuzkoako mugaraino egun dagoen linearen paralelo joanen litzateke. Proiektuaren sintesi agirian jasotzen denez, Sakana zeharkatzen duen aukera da "inpaktu txikiena duena". Antza, REEk dorre altuagoak jartzeko asmoa luke, kableak basoen gainetik joateko eta basoetan segurtasun kalerik ez irekitzeko. Linearen %37 hala litzateke eta Urbasa-Andia natur parkean 7.610 metrotan guztira. Hala ere, zuhaitzak bota edo kimatu beharko lirateke aurreikusitako 76 dorreak jartzeko. Aralar eta Urbasa-Andiari babestutako natur espazioetan "hondar-eragina" duela dio. Egitasmoan ere jaso da linearen ikuspena gainontzeko eskualdeetan baino handiagoa izanen dela ibarrean. Sakanako Autobiatik (A-10), NA-240 A errepidetik eta Zaragoza-Altsasu trenbidetik goi tentsioaren ikuspen "altua" izanen dela aitortu du REEk. Akumulazio efektua Sakanako Autobiako zenbait zatitan eta Etxarri Aranatzen emanen dela aurreratu du REEk.