Udaleko sozialisten aulki bat betetzeko bidean

Guaixe 2013ko ekainaren 6a

PSNren zerrendan bosgarren. hautagaia zen Braulio Salvador Calvo izanen da Javier Donlo dimititu berriaren ordezko zinegotzia Altsasuko Udalean. Dagoeneko udalak bere egiaztagiria eskatu du. Ondoren, Maria Jose Notariok utzitako hutsunea bete beharko luke PSNk. Izan ere, gaur egun udalean PSNko bi zinegotzien aulkiak hutsik daude. Altsasuko Talde Sozialistako idazkari Juan Miguel Perez Hurtadok esan digunez, "lehentasuna bi karguak betetzea da". Horregatik, aurreko astean PSNko antolakuntza idazkari Santos Cerdanekin bildu ziren. Legeak dioenari jarraituz, zerrendako hautagaiek ardura hartu edo ez erabaki beharko dute. Hala, hirugarren zihoanak uko egin zion. Laugarrenaren ziurtagiria eskatu zuen udalak, baina ez zuen kargurik hartu, ezta aukera baztertu ere. Perezek gogoratu du gora beherak izan ondoren Altsasuko hauteskunde zerrenda Iruñean osatu zutela independenteekin. Haiekin hasierako harremanaren ondoren gehiago ez dutela izan azaldu digu Perezek. Zinegotzi kargua hartzen dutenak, independenteak izanda ere, Altsasuko sozialisten buruak ziurtatu digunez, "sartzen direnek taldeak eta PSNk hartutako erabakiak bere egin beharko dituzte".