Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Autopista Elektrikorik Ez! plataformak jakinarazi duenez, maiatzeko azken egunean Nafarroako eta Gipuzkoako aldizkari ofizialek iragarri zuten Deikaztelu-Itxaso arteko argindar linearen proiektua jendaurrean zegoela. Alegazioak aurkezteko hilabeteko epea izanen da. Plataformak salatu duenez, Industria eta Energia Ministerioak ez du kontuan hartu 173 alkatek egindako eskaera: 2014-2022 planifikazio elektriko berria onartu bitartean linearen egitasmoaren tramitazioa gelditzea. Proiektua ikutzen duten 216 udal eta kontzeju haren kontra azaldu dira. Ez urgentziarik ezta justifikaziorik ez duela, herrien etorkizuna baldintzatu behar duela, ingurumenean eragina izanen duela nabarmendu dute. Ministerioak hartutako erabakiarekin haserre daude, udalen ordezkaritza kontuan hartu ez delako. Plataformatik gaineratu dute 400 kV-eko linearen egitasmoak ez duela eremu elektromagnetikoei buruzko Europako Batasunaren zuhurtasun-printzipioa betetzen: "28 herri 1000 metro baino gertuago egonen lirateke; 5 500 metro baino gutxiagora eta 17 etxebizitza 300 metro baino gutxiagora".