Sakanako Mankomunitateak eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NEZ) bigarrenez baso-lanen inguruko enplegu tailerra antolatu du. Ostiralean despeditu zen ikastaroa, Arbizun egindako ekitaldian. Lourdes Goikoetxea lehendakariordea eta NEZko zuzendari-gerente M. Isabel Garcia Malo izan ziren ibarreko hainbat agintarirekin batera. Sakanako Mankomunitateak 23.000 euro bideratu ditu tailerrerako eta Nafarroako Gobernuak 163.053 euro eman ditu tailer horretarako, eta Europako Gizarte Funtsarekin % 50ean kofinantzatutakoa izan da.Helburua Enplegu tailerrak 25 urtetik gorako langabeen enplegagarritasuna hobetzea du helburu, ondoren lan-merkatuan sartzea erraztuko dien espezialitate batean prestakuntza jasoz. Teoria eta praktika uztartzen dira enplegu tailerrean. Prestakuntza-plana Mendien kontserbazio eta hobekuntzako jarduera osagarrien eta Basoko Birpopulazioen eta basoko tratamenduen Profesionaltasun Ziurtagiriak erreferentziatzat hartuz eman da. 6 hilabetez 760 orduko prestakuntza teknikoa jaso dute. Besteak beste ikasi dute: birpopulatzeko operazio osagarriak, zuzenketa hidrologikoa, baso-azpiegituren eraikitze eta mantentze-lanen operazioak, basoko tratamenduen operazioak eta basoko landareei izurriteak eta gaitzak eragiten dizkien agenteen kontrola, basoaren birpopulatzea eta zuzenketa hidrologikoa nahiz basoko zuzenketa, basoko tratamenduak eta zuhaitzak ipurditik moztea zein prozesatzea motozerrarekin. Gainera, 140 orduko prestakuntza osagarria jaso dute ondorengo gaietan: lan-arriskuen prebentzioa, lehen laguntzak mendian, informatika, aukera-berdintasuna eta enpleguaren bilaketa aktiboa. Ikasitakoa ibarreko herrietan lanak eginez praktikatu dute.Irakasle eta ikasleakPello Igoa tailerreko zuzendaria izan da eta Jon Arregi begiralearekin batera aritu da lanean. Ostiralean despeditu zen tailerraren balorazio "oso positiboa" egin zuen, talde oso ona izan zela nabarmenduz. Ikasleak, batez ere, lantegietan edo eraikuntzan urteak emandako langileak ziren. Haietako baten heriotzak taldeak oraindik gehiago batu zuela nabarmendu zuen, alargunari egur lotea egitera arte. Eguraldiak ez die lagundu (60 lan egunetatik 25 edo gehiago euria egin du) basoan nahi beste egiteko, baina horrek aukera eman die beste ezagutzak lantzeko (makinak eta beste). Gaur egun sektorean lan gutxi badago ere, "buruari pixka bat emanda" lana egon daitekeela azaldu zigun Igoak. "Horretarakoetarako nahiko prestatuta daudela uste dut". Gaur egun nork bere alde aritzea ikusten du egokien, "autonomo jarriz edo kooperatiba sortuz, beste batek ez zaituelako kontratatuko". Ikasitakoarekin hasteko, behintzat, badute nahikoa. Aurretik eskarmentua bazuen Babestu Gizarte Laneko begirale gisa Irurtzunen eta Altsasun aritua baita. Jendearekin aritzea "oso aberasgarria" dela azaldu du, asko gustatzen zaiola aitortu du Igoak. Bestalde, ikasleek ikastaro "aberasgarria" izan zela aitortu ziguten. Hala ere, etorkizuna beltz ikusten dute, baso-lanetarako laguntzak kendu dituelako Nafarroako Gobernuak. AdierazpenakGoikoetxeak nabarmendu zuen halako lan tailerren bidez, jasotako ezagutzekin "langile izateaz aparte ekintzaile izatea planteatzea eta nork bere jarduera martxan jartzeko bidea" ematen dela. Bestalde, Nafarroako Gobernuak biomasa garatzeko plana egin zuela nabarmendu zuen (energia sortzeko edo pelleta egiteko). Sakanan arlo horretan zenbait enpresa lanean ari direla nabarmendu zuen eta ibarrean arlo horretan garapenerako aukera dagoela esan zuen Goikoetxeak. Bestalde, kooperatibismoa edo ekonomia sozialeko enpresak sustatzeko ANELekin lanean aritu direla jakinarazi zuen Goikoetxeak. Sakanarako aukera izan daitekeelako, hurrengo tailerretan halako prestakuntza gehitzea interesgarria litzatekeela gaineratu zuen lehendakariordeak. Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorre Muguruzak esan zuen halako tailerretan asko ikasten dela, baina hutsunea ondoren nabaritzen du Mank-eko buruak: "bigarren helburua lanean hasi daitezela da. Hor lan asko egin behar da. Aldez aurretik jende hau lan munduan txertatzeko modua landu beharko litzateke. Halakorik ez dago". Aurreko urteko esperientzia gogora ekarri zuen, 15etik 2k sortu zutela enpresa bat. Aurten Sakanako Garapen Agentziaren bidez, ahaleginak eginen dituzte parte-hartzaileak lehenbailehen lanean hasteko. ANELekin harremanetan jarriko dira kooperatiba sortzeko aukerak aztertzeko. Baina Gobernuari ere laguntza eskatu diote. Etorkizunean Mank-ek tailer gehiago eskaintzeko aukera aztertzen ari da. Baina baso lanen ingurukoak izan beharrean energia edo turismo arlokoak izan zitezkeela adierazi zuen Karasatorrek. "Plan estrategikoaren zain gaude. Han beharrak zehaztuko dira eta haien arabera erabakiko dugu zein izanen den hurrengo urteko enplegu tailerra". Karasatorrek azaldu zuenez, enplegu tailerrena administrazioetatik enpresetara zabaldu da. Mank-ek eta Garapen Agentziak Irurtzundik jasotako proposamena babestu dute, 3 dimentsioen inguruko enplegu tailer bat egitearena. Karasatorrek, bestalde, aipatu zuen Nafarroako Gobernuak biomasaren inguruan izan dezakeen egitasmoa oraindik berde dagoela.