Errausketagatik guraso talde batek Nafarroako Gobernua salatu du

Guaixe 2013ko ekainaren 13a

Consejo Superior de Investigaciones Científicaseko (CESIC) zientzialari titularra den Fernando Palaciosen laguntzaz, porlandegiko errausketa egitasmoak eragindako eskualdeetako guraso talde batek Nafarroako Gobernua Estatuko Fiskal Nagusi Eduardo Torres Dulceren aurrean salatu du. Udan salaketa babesteko sinadura bilketa eginen dute guraso horiek. Gobernuak porlandegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratu berriaren tramitazioaren prozeduragatik, herritik hain gertu hondakinak kudeatzeko proiektuari emandako babesagatik, proiektu honen eta pertsonen osasunaren eta ingurumenaren zaintza aldi berean ezinezkoak direlako salatu dute gurasoek Nafarroako Gobernua. Baita foru administrazioko goi kargu izandako eta egun Cementos Portland Valderrivasko (CPV) arduradun diren bi pertsonen bateraezintasuna salatu dute ere.ZergatiakSalaketarako oinarrietan guraso taldeak dio Nafarroako Gobernuaren jokaera aldez aurretik pentsatua izan dela. Aldi berean, nabarmendu dute interes orokorraren defentsa ezin dela erreferente den legedi nagusiaren aurkako beste tokiko araudi batzuk garatuz egin. Gurasoek gaineratu dute hondakinen kudeaketa non kokatuko den zehazten denez, herri galdetzea eta parte hartze publikoa nahitaezkoa dela. Gainera, arduradun publikoei "ardura eza" leporatu diete, "herritarren osasuna eta hauen ogibidea arriskuan jartzeagatik. Nafarroako Gobernuaren jokabidean CPVrekiko "alderdikeria"  ikusi dute. Azkenik, nabarmendu dute errausketaren kontra azaldu direla gizartea, toki erakundeak eta eragileak.