Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutiko udalekin batera gaztetxo eta gazteendako aisialdi programa antolatu zuten, haien artean euskarazko harreman sareak sortu eta indartzeko. Topaguneak kudeatu du programaren martxa eta taldeak hilaren erdialdean despeditu dute ikasturtea. Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo 22 gazteren artean sortu dute Iseka taldea (DBH). Neguan sortu zen taldea eta hilero txandakatuz, hiru herrietatik pasa dira. Ikasturtea hasita sortutako taldea egonkortzeko dago, baina hurrengo sasoirako gazte gehiago espero dituzte antolatzaileek. Olatzagutian, Larunblai programan, 22 gaztetxo (LH 3-6 mailak) bildu izan dira larunbat arratsaldeetan Akelarre ludotekan. Iseka taldean, berriz, igande arratsalde ezberdinak pasatzeko 24 gaztek eman dute izena. Bi begiralek gidatuta gazteen gogoko jarduera ludikoak egin dituzte. Baina ez dira Burundara mugatu, Iruñerriko Larunblai eta Isekako parte-hartzaileekin ere bat irteerak eta kanpaldi bateratuak egin dituzte, lagun berriak ezagutuz. Isekakoek, Atarrabiako gazteekin batera, agorrila hasieran kanpaldi batera joateko aukera dute oraindik. Udalekuak Ibarreko 42 haur eta gazte joanen dira Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuekin batera, antolatutako D ereduko ikasleendako udalekuetara. Astebetez haur eta gazteak ingurune erabat euskaldunetan murgilduko dira, euskara aisialdiarekin lotuz eta primeran pasaz. 18 sakandar Pasai Donibaneko Piraten udalekura (LHko 1-3. mailak) joanen dira, 12 Larraulgo Xamariko udalekura (LHko 4-5. mailak), 5 Orioko Bertso udalekura (LH 4-6 mailak) eta, azkenik, 5 Zugarramurdiko Udaleku Sorgindura (LH 6 eta DBHko 1-3. mailak). Autobusen ordutegiak eta beharrezko materialen zerrenda Mank-en web orrian dago.